La residencia del buen vivir regresa a Karrantza, 2018-03-12an Deian argitaratutako artikulua.
Artilea artearen bidez salbatu, 2018-03-30ean Bizkaiko Hitza-n argitaratutako artikulua.

Mutur Beltz proiektua 2015. urtean sortu zen. Joseba Edesaren eta Laurita Silesen bizi-proiektu txiki bat izan zen hasieran. Azken urte hauetan bilakatuz joan da, eta, gaur egun, elkarte agroekologiko, artistiko eta kultural bat da, artzainaren ogibidea bezalaxe desagertzeko arriskuan dagoen Karrantzako ardia sustatzeko  helburua duena. Bizkaiko Karrantza haraneko toki-ekimen horren bidez, aurre egin nahi zaio jakintza horien galerari, agroekologiaren, lan artistikoaren eta diseinuaren ikuspegitik. Hasiera-hasieratik, Mutur Beltzek jarduera ugari egin ditu artearen, abeltzaintzaren, artisautzaren eta turismoaren esparruari lotutako arloetan. Jarduera horiei guztiei esker, giza harreman ugari sortu dira. Ikusi denez, artea eta landa-ingurunea elkartzeak mundu honetan beharrezkoa den landa-iraultzarako ekintzak eta gogoeta egiteko guneak irekitzen ditu.

www.karrantzakomuturbeltz.blogspot.com

events

ondo bizi arte II. egonaldia. karrantza, 2018

2018ko apirilaren 3tik 9ra

Egonaldiaren ebazpena.

2017. urtean, Mutur Beltz elkarteak Ondo Bizi Arte Egonaldia sortu zuen, Karrantzako ardi- eta artzain-munduaren egoeraren inguruko gogoeta, eztabaida eta zabalkundearen eremua artearen bidez zabaltzeko helburuarekin. Horretarako, guneak eta uneak eskaini zituen, haraneko artzainak artistekin egoteko. Lehen edizio horretan, hiru artistak hainbat esperientzia bizi izan zituzten, hala nola baserri batzuetara egindako bisitaldiak, ingurunea ezagutzea, artzainekin egindako bilerak, ardi-mozketako jardunaldia eta abar. Parte-hartzaile bakoitzak proiektu artistiko bat egin zuen elkarbizitza horren inguruan, eta, geroago, proiektu horiek ikusgai egon dira artearen, abeltzaintzaren zein turismoaren esparruko hainbat gunetan. Esperientzia horren laburpen bat bistara dezakezue hemen.

2018. urtean, jarraipena emango zaio egindako lanari, eta Mutur Beltz elkarteak apirilaren lehen astean egingo den Karrantzako Ondo Bizi Arte Egonaldiaren II. edizioa aurkeztu du. Bigarren edizio horretan, elkarteak beka bat eskainiko du artearen bitartez Karrantza Haraneko landa-komunitatearentzat onuragarriak diren tokiko eta nazioarteko proiektuak egiteko. Aste batean, hautatutako artista edo kolektiboa Mutur Beltz elkarteko kideekin eta elkarteak gonbidatutako beste bi artistarekin biziko da. Proiektuak jasotzeko epea 2018ko martxoaren 20an amaituko da. Proposamena aurkezteko, helbide elektronikoaren bitartez: karrantzakomuturbeltz@gmail.com. Informazio gehiago: http://karrantzakomuturbeltz.blogspot.com

Mutur Beltz elkarteak horrelako zirkuituak bultzatu nahi ditu jarduteko gune estrategiko gisa. Ildo horretan, landa-munduko arazoak ezagutzen ez dituen jendearen zein egungo kultura-produkzioa ezagutzen ez duen landa-inguruneko jendearen sentsibilizazioa azpimarratu nahi du elkarteak. Era berean, aukera eman nahi du artearen eta artisautzaren, ikasia denaren eta herrikoia denaren edota landa-ingurunearen eta hiri-ingurunearen arteko dikotomiari dagokionez gertatzen diren paradigma-aldaketen aurrean arteak betetzen duen zereginari buruzko gogoeta egiteko. Eta, hori guztia, gogoeta eta esperimentazio sortzailetik abiatuta egindako ikerketa, dibagazio eta berrikuntzetan oinarrituta.

Deialdirako baldintzak hemen deskargatu