imagen del proyecto 400m

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistak dira. Batera lan egiten dute 2001az geroztik. Beren jardunean, egiletzari, kultura-identitateari eta ekoizpeneko hartu-emanei buruzko ohiko kontzeptuak aztertu eta zalantzan jartzen dituzte...

jardunaldiak

400m argitalpenaren argazkia
2017 abuztuak 29

400 m

400 m arte garaikidearen eta arkeologiaren arteko elkarrizketa egiten duen argitalpenaren izenburua da. Horretarako, kasu jakin baten azterketatik abiatu gara: Iruña-Veleiako (Araba) aztarnategian aurkitutako erromatarren garaiko zeramikazko zati batzuen azterketatik, hain zuzen ere. Marrazkiak eta latinezko testuak dituzte inskribatuta zati horiek, bai eta euskarazko esaldi batzuk ere. 2006an, aurkikuntza hura ezagutzera eman zenean, sortu zen euforiaren ondoren, zientzia- eta aholku-batzorde batek ebatzi zuen faltsuak zirela; horrek prozesu judizial bat eta haien esanahi historikoari buruzko eztabaida bat ekarri zituen. Gaur egun, irekita jarraitzen dute biek.

Liburuaren hari nagusia izango da 2016an Iruña-Veleiako jatorrizko piezak Artiumen, Arte Garaikidearen Arabako Museoan, ikusgai jartzeko egin genuen mailegu-eskabidea. Asmoa zen lekualdaketa fisikoa zein kontzeptuala egitea, 400 metrokoa, Arkeologia Museotik piezok ekartzeko, hantxe baitaude gordeta gaur egun. Irakurketa eta interpretazioei bidea eman nahi genien horrela, faltsuaren eta benetakoaren arteko kontrakotasun horren gainetik, hain zuzen ere Artiumeko Azala Kreazio Espazioaren Proklama programaren zortzigarren edizioaren barruko "Mailegu-eskabidea" mintegian egin genituen irakurketa eta interpretazioei.

400 m lanak mintegi hartan garatutako hausnarketa-ildoetako batzuk jasoko ditu, Iñaki Martinez de Albenizen, Harkaitz Canoren eta geure testuekin. Jan van Eyck Akademian inprimatuko da, mimeografo baten bidez; teknika horretan puntzoi bat edo idazmakina bat erabilita inskribatzen da, argizariz estalitako txantiloi berezi baten gainean, ondoren tintak zeharkatuko duen marrak eginez. Era horretan, Iruña-Veleiako zeramikazko zatiak inskribatu zituzten moduarekiko harreman tekniko bat trazatuko dugu.