art_comunitas_MOA

Modelos Operativos Abiertos (MOA) lantaldea Alberto Diez Gomezek eta Mar Dominguez Quijadak osatzen dute. 2014an sortu zen, lanerako bateratasun, bultzada eta erresistentziako gune gisa. 

arte comunitas

Azken lan-urtean zenbait topaketa egin ditugu Euskadiko eta inguruko monje beneditarrekin. Elkarretaratze horietan lanerako materiala sortu da, hau da, ahots-grabazioak, eta gure artxibategian dituzu eskura. Fraideen proiektuaren sorburua intuizioa eta hausnarketa izan dira, eta barne-begiradazko ikerkuntza batean mamitu da.

Orain, monakotza aztertzeaz gain, gaur egun monako-bulkada norantz bideratuta dagoen ulertu nahi dugu. Hau da, monako-jarrera XXI. mendean kokatu. Gizarte guztietan bizirik dirau mundutik ihes egiteko premiak. Baina, non gauzatu dezakegu ihes hori? Basamortura edo mendira alde egiterik ez badugu eta ezin bagara eremita izan edo monastegian egon, zein lekutan helduko diogu mundutik ihes egiteko jarrerari? Hortaz, jarrera horrek —geure jardun artistikoan nabaritzen dugun jarrerak— ez du helbiderik. Monako-arauek mundutik ihes egite hori egituratzen zuten. Nola egin zuten? Eta, guri nola dagokigu irtetea (garaiaren arabera)? Gure bilaketa arte-jardunetik abiatuta antolatzen da eta horrek ematen dio zentzua.

Proiektuak, lehen fasean, Estatuko monastegietan egonaldia egitea proposatzen du. Monastegiko bizimoduko errutinetan sartzea litzateke kontua, zuzeneko bizipena izateko. Normalean, bizimodu hori nolakoa den irakurri egiten dugu, edo bideoetan ikusi. Monjearen benetako figurara hurbiltzea da proiektuaren ezaugarri nagusia, horrela, monjea bera izan dadin bokazioaren misterioa ulertzeko ateak irekiko dizkiguna. Gure bizimoduak erritualizatzea lagungarri izango zaigu aditu eta arrazionalizatu ezin diren kontzeptuak ulertzeko, esperientziaren, intuizioaren eta misterioaren bidez.