ARTIUM / vitoria-gasteiz

 

Lan-mahaien moderatzaileak Eremuak 2012ko Batzorde Teknikoko kideak izango dira: Nuria Enguita Mayo / Pedro G. Romero / Beatriz Herráez / Fernando Illana / Peio Aguirre

jardunaldiak

2012 urriak 19
2012 urriak 20

artea eta politika publikoak II

2012 urriak 19

2012ko urtarrileko mintegian jorratutako ildoari jarraituz, eremuak antolatutako hurrengo topaketen ardatzak politika publikoen legitimazio-diskurtsoak izango dira. Hainbat gai arakatuko dituzte, hala nola, esparru instituzional berriak, prozesu auto-eratzaileak, jardunbide kolektiboak, arte- eta gizarte-partaidetzaren definizioak, finantzaketa motak, mezenasgo-legeak eta ondare-politikak.

Jardunaldien iraupena bi egunekoa izango da. Bi lan-mahai osatuko dituzte, eta mahaikideak hainbat arlotako eragile profesionalak izango dira: artistak, komisarioak eta arte-historialariak. Saio bakoitzean, aztergaiari buruzko hitzaldia emango da lehenbizi, eta, gero, eztabaidari ekingo zaio.

1. lan-mahaia: kultura-ekonomia berriak

Kulturak laurogeita hamarreko hamarkadan bereganatutako nagusitasunaren ardatza iraultza kontserbadore eztabaidaezina izan zen. Ekar dezagun gogora aipatutako iraultzaren lorpenik garrantzitsuenetakoa: artea eta kultura baliabide ekonomiko bihurtzea. Gizarte-esparru anitzetan sortutako hainbat prozesuk ideia horrekin bat egin dute, jardunbide sortzaileak omen direnentzat esparru ekonomikoa zeinen komenigarria den egiaztatu ondoren. Onespen hori nahiko interesgarria da, ekonomiaren eta orain arte "lana" izenez ezagutu dugun horren arteko lotura berrezartzen duelako, nola edo hala. Sormenaren Industria terminoak adiera ugari uztartzen ditu: museoak, fundazioak, galeriak, bildumagileak, fabrikak, tailerrak, kolektiboak, biltzarrak... Halako tentsio ez-kritiko baten baitan daude denak, "kulturaren norabide berriaren" esparruan ekoizpen-baliabide ekonomikoak aurkitzeko asmoa dutela ezaugarri.

Lan-saioaren helburua erakunde, elkarte, agentzia, talde, kolektibo... jakin batzuk aztertzea da, aipatutako kulturaren norabide berrian nolabaiteko partaidetza izateko asmoz eratu baitira.

2. lan-mahaia: beste instituzionalizazio mota batzuk

Espainiako estatuko kultura- eta arte-erakundeek azken hiru hamarkadetan egindako ibilbidearen ezaugarri bereizgarriak jarraikortasunik eza eta aldaketak dira. Gizartean eta ekonomian hain tinko errotutako baikortasunaren epeltasunean kultura-egiturak eta -erakundeak barra-barra sortu ziren; orain, ekonomia-krisiaren itzalpean daude denak. Krisi horrek berak gogoeta eginarazten digu, ezinbestez. Administrazioek abiarazitako kultura-politiken eta gizarte zibilak eratutakoen arteko indar-harremanei buruz hausnartzea nahitaezkoa da, tirabirak sortzeaz gain, elkar gurutzatzen zuten bide paraleloak urratu baitzituzten. Europan, azkenaldian, instituzionalizazio mota berriak zurrunbilo diskurtsibo-curatorean murgildu dira, artearen eremuko erakundeak gizartearen aurrean aurkezteko modu iraultzaileak bilatzeko eta, horrela, erakunde-egitura osoa errotik eraldatzeko.   

Lan-saioak instituzionalizazio mota berriak arakatuko ditu, sorburuak zein izan diren kontuan hartuta: asoziazionismoa, lankidetza eta artearen eremuko erakundeentzat bide berriak urratzeko nahia. Instituzionalizazio mota berri horien aukerak aztertzea da helburua. Era berean, artista-elkarteen edo bestelako profesional-taldeen garrantziaz, funtzioaz, erakunde-bilbean dagokien rolaz, antolamenduaz... eztabaidatuko dute. Asoziazionismo-ideiaren ildotik, artista-komunitatearen ikuspegia jorratu ondoren, erakunde berri horietako batzuen eta administrazioen mendeko esparru eta ekipamendu instituzionalen zereginaz mintzatuko dira