Kontzertua NK Berlin-en, 2015eko irailaren 6an. Glen Schena-ren argazkiak

Mattin (Bilbo, 1977) zaratarekin eta inprobisazioarekin lan egiten duen artista  da. Era berean, inprobisazioaren konnotazio politikoei buruzko artikuluak idazten ditu. Mattinek birak egin ditu Europan, Amerikan, Asian, Australian eta Zeelanda Berrian. Halaber, arteari eta soinuari lotutako hainbat erakusketa eta ekitalditan parte hartu du. Mundu zabaleko hainbat disko etxetan 80 disko baino gehiago editatu ditu, eta w.m.o/r disko etxe esperimentalaz arduratzen da.

Anthony Iles-ekin batera, Ruido y Capitalismo izenburuko liburua argitaratu du (Arteleku-Audiolab 2010).

2012an,  CAC Brétignyk eta Taumaturgiak Unconstituted Praxis izenburuko liburua argitaratu zuten. Liburu horrek Mattinen testu eta elkarrizketa asko jasotzen ditu, baita berak bakarrik eta lankidetzan egindako performantziei egin zaizkien kritikak ere.

www.mattin.org

disonantzia soziala

Sei lagunek partitura bat joko dute Atenasen eta Kasselen, hainbat jarraibidetan oinarrituta, documenta 14 erakusketak  iraungo duen 163 egunetan. Performantzia hori streaming bidez emango dute documentaren webgunean, eta artxibategiak archive.org helbidean egongo dira eskuragarri. Partiturak proposatzen dituen keinu generiko eta galderetan kontrajarri egiten dira instrumentalizazioaren kontzeptua eta instrumentuaren kontzeptua.

Interpretatzaileek publikoa erabiliko dute instrumentutzat, inprobisatzaileek beren instrumentuak modu ez-konbentzionaletan eta haien ohiko erabileren kontra jotzen dituzten antzera. Horrela, kontzertuak arakatu eta agerian jarriko du nola jokatzen dugun normalean, bai erakusketaren espazioan, bai gure egunerokoan.

Partituraren ezaugarri porotsuek eta interpretatzaileen eta publikoaren arteko elkarreraginek etengabe ahulduko dute partituraren berezko autonomia, baita egoerarena berarena  ere, eguneroko errealitate sozialaren eta politikoaren alderdi batzuk erakustokian integratuz.  Hori lortzeko, Disonantzia soziala partiturak musika esperimentalaren estrategia batzuk hartzen ditu, enfasia soinu-eremutik gizarte-eremura eramateko.

Aurkezpena Tabakaleran (Donostia)

Destiempo (música y revoluciones) izeneko programan parte hartzera gonbidatu nau Xabier Erkiziak. Programa hori, bere aldetik, Estimulantes, circulación y euforia izeneko proiektuaren zati bat da. Horren komisarioa Oier Etxeberria da, eta Tabakaleran gauzatuko da aurten eta datorren urtean zehar. Gonbidapen horretarako, nire proposamena Disonantzia soziala streaming emankizunaren  bidez ikusi eta entzuteko testuinguru soziala sortzea da. Emankizun hori Tabakalerako espazio batean proiektatuko da, eta bertara Atenasekoa eta Kasselekoa ez bezalako publikoa inguratu ahal izango da, kontzertu luze hori espazio jakin batean entzuteko eta eztabaidatzeko. Testuinguru sozial hori sortzen laguntzeko, lantegi bat gauzatuko da, non partituraren atzean dauden ideiak azalduko diren. Horrela, espero dugu Disonantzia sozialak Euskal Herrian gaur egun entzuteaz, inprobisazioaz, askatasunaz eta zarataz egiten ari diren eztabaidetan parte hartzea.