2014 erakusketa deialdia

2014an, eremuak programak Artium, Euskal Arte Garaikideko Museoa Zentruan,  datorren ekainean gertatuko den erakusketa kolektiboan parte-hartzeko deialdi espezifikoa abian jarri du.

2010eko abenduan abian jarri zenetik, eremuak programaren lan-ildo nagusietako bat izan da artegintza garaikidearen beharrak eta diskurtsoak antzematea, eta, horrekin batera, eztabaida horiek aberastera eta abiaraztera bideratutako ekintzak bultzatzea. eremuak kontzeptu ireki baten ikuspegitik diseinatuta dago, eta bilakatzen ari diren lan-prozesu gisa ulertzen ditu jardute garaikideak. “Zuzeneko” programa da, ekitaldi bakoitzean eraikitzen baita panorama artistikoan antzemandako eskariei emandako erantzunen bidez.

Artisten proiektuak eta lanak ikusgai jartzeko erakusketa kolektiboaren formatua birpentsatu egin behar dela ondorioztatu zuten, besteak beste, 2013ko uztailean Artelekun egin zen “Editatzea, Ekoiztea, Programatzea” jardunaldietan. 2014an, eremuak programak arazo horri heldu dio berriro eta deialdi berezia jarri du abian, datorren ekainean Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoan egingo den erakusketa kolektiboan parte hartzea xede duena.

Deialdia euskal testuinguru artistikoarekin harremana duten artistei eta ekoizleei zuzenduta dago, eta orain arte erakusketa-formatuan erakutsi ez diren lanak eta proiektuak ikusgai jartzea du helburu, modu horretan harrera publikoko gunea aktibatuz. Era berean, erakusketak artisten, kritikoen eta komisarioen arteko topagune izan nahi du, askotariko lan-prozesuen arteko elkartrukea sustatzeko.

Oinarriak:

  • Partaideek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
    1. Azken aldian egindako proiektuen eta lanen dosierra, horien argazkiekin eta lanari buruzko azalpen laburrarekin.
    2. Curriculum xehatua.
  • Erakusketan parte hartzeko gehienezko adinik ez da finkatu.
  • Dokumentazioa aurkezteko epea martxoaren 10ean amaituko da.
  • Batzordeko kideek hautatuko dituzte lanak: Peio Aguirrek, Beatriz Herráezek, Itziar Okarizek, eta horiekin batera Agar Ledó Ariasek (Vigoko MARCOko programazio-arduradunak), kanpoko gonbidatu gisa.
  • Gutxienez 10 proposamen aukeratuko dira erakusketan aurkezteko.
  • Hautatuek 1.200 €-ko gordin ordainsaria jasoko dute.
  • eremuak programak hartuko ditu bere gain erakusketa guneko ekoizpen-gastuak: obra aretora egokitzeko kostuak, aurretik batzordeak onartutako aurrekontuaren barruan, proiektua aretoan muntatu eta desmuntatzearen kostuak, obraren garraioa.
  • Erakusketarako lan-prozesuaren segimendua eremuak programaren batzordeko kideek egingo dute.
  • Erakusketa dokumentatuko duen argitalpena egingo da.
  • Proposamenak bi modutan aurkeztu daitezke:
    1. PDF fitxategian jasota, orrialde honetan atxikirik den inprimakiaren bidez.
    2. Edo euskarri fisikoan, honako posta-helbide honetara bidalita: ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa. Frantzia, 24. 01002 Vitoria-Gasteiz, eskabide-orrian “eremuak erakusketa deialdia” adierazita.

Edozein zalantza edo galdera argitzeko: info@eremuak.net