Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa

Francia Kalea, 24, 01002 Vitoria-Gasteiz, Araba

erlazioak

collage first thougth best erakusketaren argazkiekin 2014.urtean
2014 ekainak 27 - 2014 irailak 21

2014an, eremuak programak Artium, Euskal Arte Garaikideko Museoa Zentruan,  datorren ekainean gertatuko den erakusketa kolektiboan parte-hartzeko deialdi espezifikoa abian jarri du.

First Thought Best erakusketa kolektiboari buruzko argitalpena. Bertan eremuak programaren “2014ko erakusketa” deialdian aukeratutako egileei buruzko informazioa biltzen da.

first thought best

2014 ekainak 27 - 2014 irailak 21

First Thought Best  (asmo lehena onena) eremuak programak ekoiztutako erakusketa kolektiboa da, eta “2014ko erakusketa” deialdian aukeratutako egileak biltzen ditu, hemen eta orain kontzeptuak nabarmentzeko asmoz. Erakusketa euskal arte-esparruari lotuta dago, eta erakusketa-formatuan aurkeztea eskatzen duten lan eta proiektuak agerraraztea du helburu, horrela harrera publikoko eremu bat aktibatzeko.

Deialdian parte hartu duten artistak hainbat belaunalditakoak dira, eta orotariko interesen arabera garatu dituzte euren prestakuntza-ibilbideak. Halere, artista horiek euskal esparruarekin duten loturak eta denbora zehatzak arte-errealitatearen behatokitzat jarduten duen lan-tokia egituratzen du eta, eremu horretan, “sistema”, “testuingurua”, “komunitatea”, “instituzioa” eta pareko nozioak paradigma saihestezinak bihurtzen dira.

Eremuak-eko Lan Batzorde Teknikoa (Peio Aguirre, Beatriz Herráez eta Itziar Okariz ez ezik, Agar Ledó Arias Vigoko MARCOko programazio-burua ere izan da kanpoko gonbidatu moduan) arduratu da erakusketarako lanak aukeratzeaz, eta aipaturiko aniztasuna islatzeko ahaleginean, aukeratutako artisten lanak era guztietako formatuetan eta euskarrietan bildu ditu:Elena Aitzkoa (Apodaka, 1984), Lorea Alfaro (Lizarra, 1982),Miren Arenzana (Bilbo, 1965), Ibai Baldés (Iruñea, 1986),Josu Bilbao (Bermeo, 1978), Ingrid Buchwald & Nader Koochaki (Ibarra, 1980 & Donostia 1983), June Crespo(Iruñea, 1982)Nerea de Diego (Iruñea, 1974), Raúl Domínguez (Barakaldo, 1984), Ainara Elgoibar (Mungia, 1975),  Daniel Llaría (Logroño, 1985), Pablo Marte (Cadiz, 1975), Idoia Montón (Donostia, 1969), Ixone Sádaba (Bilbo, 1977), Jon Otamendi (Getxo, 1978) eta Amaia Urra (Donostia, 1974).

Erakusketa horrek gaur egungo artean garatzen diren jarduera-ildo eta jardunetako batzuk agerrarazi nahi ditu, eskultura, irudia, margoa, ikus-entzunezko mintzaira eta performancea erabiltzen duten lanen bidez. Erakusketan ikus daitezkeen gaietako batzuek natura eraikia eta paisaia, naturala nahiz industriala, dute aipagai (Domínguez, de Diego, Buchwald & Koochaki, Elgoibar); irudikapen mediatikoko sistemak eta irudiaren “desordena” egungo testuinguru ekonomiko eta politikoan (Marte, Sádaba); kontsumo-gizartearen saturazioa eta herri-kulturari lotutako ikonografiak (Alfaro, Llaría); eskultura eta formen eta zeinuen birziklatzea (Crespo, Baldés); alor linguistikoa eta subjektiboa bateratzen diren mundu pertsonalen sorrera (Aitzkoa, Montón, Bilbao); instituzioen kontrol-sistemak eta -dinamikak (Otamendi); diseinuaren, artearen eta hezkuntzaren bidegurutzea (Arenzana); edota hizkuntza komunikazioko arazoa, performancearen bidez (Urra).

Halatan, First Thought Bestek gertakari bat marrazten du, gaur egun gertatzen ari denaren irudia. Argazki posible askoren artean bat. Bat, orainean. First Thought Best izenburuak Allen Ginsbergek berezko idazketa deskribatzeko erabili zuen esaldia, ia eslogana, du aipagai: “Lehen pentsamendua, pentsamendurik hoberena”. Berehalakotasunaren poeta eta 50eko hamarkadako Beat Belaunaldiko figurarik ospetsuenetako bat izan zen, eta unearen transkripzioa erabiltzen zuen konposatzeko metodotzat.

Erakusketaren testuingurua

Ehun proposamenetik gora aurkeztu ziren deialdi ireki batean jasotako erantzunetatik abiatzen da First Thought Best, eta erakusketa kokatzen den egitaraua bezala, orotariko arte-diskurtso eta -jarduerak harremanean jarriz eraikitzen da (“zuzenean”).

Erakusketa kolektiboaren formatua birpentsatuz, artisten proiektu eta lanak agerian jartzeko premiatik abiatzen da erakusketa. Izan ere, hausnarketa horixe agertu da lan-mahaietan sektoreko profesionalekin eta artistekin izandako elkarrizketetan eta eremuak programak bere ibilbidean antolatutako topaguneetan. Halatan, eremuak-ek arazo horri heldu eta urtearen hasieran erakusketa kolektibo horretan parte hartzeko berariazko deialdi bat egin zuen.

2010eko abenduan eremuak abian jarri zenetik, arte-jarduera garaikideetan dauden beharrizanak eta diskurtsoak identifikatzea eta eztabaida horiek aberasten eta txertatzen lagunduko duten ekintzak bultzatzea izan da programaren lan-ildo garrantzitsuenetako bat. 

Ildo horretan, erakusketak artisten, kritikarien eta komisarioen arteko topagunea ere izan nahi du, lan-prozesu desberdinen arteko trukeak bultzatzeko moduan.