Unisonoa

Lasarte- Oria, 1972. Idazlea. Ahotsaren eta hizkuntzaren materialtasuna lantzen dut. Nire liburu eta materialak hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu dira: Negutegia (2006-2009), Ejercicios de ocupación. Afectos, vida y trabajo (2015, Q. Pujolekin batera editatua), Beltzuria (2014-2017), 20.20 (2016, M. Salgadorekin). Hainbat artista eta pentsalarirekin aritu naiz lankidetzan.

Lankidetzan antolatzen ditut pentsamendu kritikoa eta arte garaikideko topaketak: Periferiak (2002-2007), ERresonantzian (2011), Arrakalatuta (2015), Proklama (2013-2019). Arte Ederretan doktorea, egun Arte Hezkuntzako irakaslea (Mondragon Unibertsitatea), Ikerketa eta Sormena Artean masterreko irakaslea (UPV- EHU) eta Azala espazioko kide (Gure Artea Saria, 2017).

unisonoa

Unisonoa ahotsaren, lengoiaren, idazketaren eta horien erritmo zein soinuen inguruko lan eta ikerketa eremua da. Esaldia eta lerroa hartzen ditu unitate bezala. Haiekin egin daitekeen konposizioa. Eta honakoak dira bere materialak:

arnasa ahotsa ahoa hitza lengoaia soinua erritmoa metaketa errepikapena autoerreferentzialitatea arritmia polifonia eleaniztasuna gertrude stein lyn hejinian entzumema ukigarritasuna horizontea

Hitzak ez dira bere horretan amaitzen, sinestesia medio: haiek esatea haiek eskuan hartu eta eskuztatzea da; haiek miatzea, ahoratu eta mihiratzea, sonorizatzea. Eta hitz bakoitzak espazio bat sortzen du, inguratzen duena, zabala, gero eta zabalagoa, bata eta bestearen artean.  

Hitzek horizontea gurutzatzen dute eta bihurtzen dira horizontea eta eguraldia eta espazioa. Hitzek horizontea gurutzatzen dute eta bihurtzen dira horizontea eta eguerdia eta espeziea.