Arte Ederretan lizentziatua da (Bartzelonako Fakultatea) eta, trebakuntzaren osagarri, Cristina Iglesiasek, Abbas Kiarostamik, Víctor Ericek, Gabriel Orozcok eta Wilfredo Prietok emandako lantegietan jarduna.

Espainiako Estatuan, Bartzelonan, Madrilen eta Bilbon egin ditu erakusketak; bere bideoak, berriz, CA2M-n, Tabakaleran, Vigoko MARKOn. Murtziako Conserveran, LOOPen eta Bartzelonako SCREEN Jaialdian, besteak beste, eman dituzte.  Nazioartean, zenbait jaialditan egon dira ikusgai bere ikus-entzunezko lanak: Parisko eta Berlingo Les Rencontres Internacionalesen, New Yorkeko Videoarte Latino Jaialdian, Teherango Zinemaldian, Buenos Aireseko FIVAn, Lisboan, Atenasen, Montrealen…

Lehen erakusketa indibidual handia, berriz, 2018an egin du: WINTERREISE, BilbaoArte Fundazioan. Bestalde, Portugalgo Solar galeriaren NEW SPAIN erakusketan eta Tárregako Trepat Museoan eginiko EMBARRAT-en ere hartu du parte. Horrez gain, Punto de Vista, Zinebi eta KurtzFilm Oberhausen zinemaldietan hautatua izan da.

winterreise

Hil baino hilabete batzuk lehenago konposatu zuen Franz Schubertek bere lan nagusietako bat: Winterreise. Obra bakar batean musikatu eta bildu zituen konpositore horrek Wilhelm Müllerren 24 poemak, eta pianorako zein ahotserako kantu-sorta bihurtu. Maite duen emakumearen ezezkoa jaso ondoren paisaia elurtu batean dabilen bidaiari baten ibilaldia kontatzen du obrak, argumentu-lerro zehatzik gabe.

Estilo erromantiko eta kutsu existentzialista nabarmeneko lan horretan, barne-mundu bihurtzen da kanpoko paisaia. Alor sozialean, kulturalean eta politikoan protagonista jasaten ari den kontzientzia-krisiak eragindako egoera mentala eta psikologikoa erakusten du barne-mundu horrek.

Musika-konposizioa gidari hartu eta WINTERREISE proposatzen dut, eremu pertsonaletik unibertsalera bidaiatzen duen geruza anitzeko filma. Lied ospetsu haren berrirakurketa dugu, denbora-ikuspegi desberdin batetik egina baina funtserako edo ezerezerako joera berak bultzatua.