Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistak dira. Batera lan egiten dute 2001az geroztik. Beren jardunean, egiletzari, kultura-identitateari eta ekoizpeneko hartu-emanei buruzko ohiko kontzeptuak aztertu eta zalantzan jartzen dituzte...

jardunaldiak

2014 urtarrilak 25 - 2014 apirilak 30
imagen instalación Work in Progress (2013) de Iratxe Jaio y Klass Van Gorkum
2014 urriak 24 - 2015 urtarrilak 25
2013 urriak 4 - 2013 abenduak 21

work in progress

Work in Progress objektu baten fabrikazioari buruzko proiektu bat da, hiru produkzio-modu biltzen dituena: industriala, eskuzkoa eta artistikoa.

Horretarako, kautxuzko piezen fabrikazioa hartzen da abiapuntutzat, Lea Artibaiko (Bizkaia) fabrika batean. Nahiz eta landa-inguruneko eskualde izan, industria-jarduera handia dago; izan ere, biztanleria aktiboaren ia %50ek sektore horretan egiten du lan. Gainera, hainbat lantegi daude legez kanpo. Haietan, immigranteek eta etxekoandreek egiten dute produkzioaren zati bat. Lan-ordutegiaren malgutasunari esker etxeko diru-sarrerak osatzen dituzte. Etxe, atari, garaje eta lokaletan elkartzen dira. Elkarrekin egiten dute lan nekeza eta trinkoa; esate baterako, moldeetatik ateratzen diren kautxuzko piezen bizarrak mozten dituzte.

Lan egiteko modu horrek tradizio zahar baten antza du; hain zuzen, arrantza-sareak taldean iruteko edo konpontzeko lana dakar gogora, baina lantegi horietan egiten diren produktuak forma abstraktuak eta ezagutezinak dira, goi-mailako teknologiakoak, autoetan eta makinetan erabiltzen direnak, eta beraz, langileentzat zuzeneko onurarik ez dutenak. Pieza horien ezaugarriei esker, paralelismo bat ezar dezakegu eskultore batek bere estudioan egiten dituen objektuekin.

Work in Progress proiektuan, emakume-talde batekin elkarlanean aritu ziren artistak, formatu txikiko piezak eginez, modu erdi-industrialean, silikona eta moldeak erabiliz. Pieza horiek Jorge Oteizaren Klarion Laborategian daude oinarrituta, eta jatorrian artelantzat sortu ez baziren ere, -ikerketa-prozesu gisa baizik- multzo gisa funtzionatzen du, eta ez pieza isolatuen moduan. Oteizaren ikerketa hori abiapuntutzat hartzea da asmoa, eta jatorrizkoez bestelako parametro batzuen arabera garatzea.

2011n Leongo MUSACeko Laboratorio 987 delakoan erakutsitako Produciendo tiempo entre otras cosas proiektuarekin hasitako ikerketaren jarraipena da Work in Progress proiektua. Ikerketa horretan, artistek egiten dituzten objektuekin zer harreman ezartzen diren birraztertzen da, bai eta objektu horien eta beste pertsona batzuen artean konplizitaterik sortzen den ere.

Work in Progress proiektuak Rotterdameko CBK-ko O&O Subsidies-en laguntza du.