Ez bultza egin!

Isildu!

Marixe Ruiz de Austri Arexolaleiba

“Nire mintzaeraren mugak nire munduaren mugak dira” Wittgenstein, L. (1961). Tractatus Logico-Philosophicus

Isilik iratzarri da gorputza, ez du zaratarik minimoena ere atera. Oin bat pausatu du harlauza hotzez osaturiko lurrean, oraindik iraganeko ahotsen oihartzuna darien arrakala batzuk zanpatuz eta bere isiltasuna inposatuz. Eszena berezi bat sortu du, zeinetan isiltasunak ere baduen bere garrantzia, baita oinen posizioak eta begiradaren noranzkoak. Paretaren azpialdeko zulo nimiñotik begira den intsektuak ere nabaritu du semiotikaren garrantzia hitzik ezean.

Gorputzak esnatu berritan ez du katamalorik oraindik, ez eta zaratarik ere, ez eta soinurik, ez melodiarik, isiltasunaren xuxurla baino ez. Barne guda batean murgilduta balego lez, bere buruari jarritako erronka betetzeari ekin dio gelako izkina batean duen arbelean, idazteari ekin dio. Ez da erronka erraza, alfabetoaren ortzi-mugak urratu nahi ditu izkiriatuz baina soinurik sortu gabe, zalantza baitu hizkiek sortutako musika ez ote den gordinegia izengo belarri zolienentzat.

Hasi du auto-inposatutako lana, gorputza osatzen duten elementuak zerrendatuz:

Aurpegia, Begia, Denbora, Eskua, Fatxada, Gibela, Hortza, Ilea, Jarioa, Kopeta, Listua, Mihia, Neurona, Odola, Plasma, (er)Rezeloa, Sudurra, Tentsioa, Ukabila, Ximurra, Zauria.

So geratu da, gabezia handi bat nabari du. Otu zaio idatz zezakeela beste zerrenda bat, elementu isilez haratagokoa:

Ahotsa, Burrunba, DO, Errima, Fa, Garraxia, Hotsa, Irrintzia, Jip-Jopa, Kortxea, La, Mi, Nota, Orroa, Pentagrama, Re, Si, Trumoia, Ulua, (t)Xaloa, Zarata.

Hizkuntzaren eta alfabetoaren mugak ustiatu dituenarearren, oraindik nabari du hutsune nabarmen bat, idatzitako hitzek isilik diraute inork ahoskatu ezean, inor ahotsa altxatzera ausartu ezean. Baliteke Sarrionandiaren liburuaren izenburua aipatu beharra zerrenda honetako eleei erreferentzia egiteko, “Hitzen ondoeza” pairatzen dutela esan dezakegu. Oldozpen andana dabilkio buruan bueltaka gorputzari, baina narratzaile orojakilea naizenez eman diezazuket hauen berri. Errimak behar dituela konturatu da, hitzak egoki ordenatu eta sonoritate gutxieneko bat ematea idatzi dituen hitzei. Arbela ezabatu eta berriro hasi da hutsetik:

Soinuaren bilaketarako
Ez dut nahikoa adore
Ahotsa ezin ikusi, ukitu
Ta eman nahi dut amore
Nahiz ta jakin nahi ze itxura duen,
Ze kolore, ze zapore
Bihurtua naiz nire auto-muga,
Nire auto-diktadore
Zer esan ere ez dakidanez
Isiltzea nuke hobe

Nahi gabe edo nahita, baina bertso baten forma eman dio, nahiz eta soilik idatzi, ez du abestu. Gainera, ez ditu eskuak praken aurreko poltsikoan sartu bizkarra tente jarriz, ezta postura alternatibotzat hartzen den besoen katramilatzea egin bizkarraren atzealdean, nagusiek bizkarra tente mantentzeko egiten duten  eran. Bertsoa bere buruan doinuren batean pentsatzen idatzi duela pentsatu dezake irakurleak, baina ziurta diezazuket ezetz.

Metodologia hotz eta zurrunagoa erabili du: arbelean lerro bakoitzak zenbat silaba izan behar dituen idatzi du (10-8-10-8 segida apuntatuz), eta azken puntua idatzi ostean errima zerrenda labur bat idatzi du izkinan (4, behar zirenak haina, bat bera ere gehiago), errima familia kontuan hartuz betiere (b-g-r-d erraza da ahazten, baina badira ahaztezinak diren begiradak, zeinak ahalbideratzen duen begirada hitza ez ahaztea eta beraz errima familiaz oroitzea).

Aurrez azaldutako guztia egin arren, ahotsik gabe jarraitzen du gorputzak. Gela hortan, lehen harlauza zapaldu duen momentutik hots bakarra entzun da: arbelaren kontra igurtzarazi duen klarionarena. Ez da soinurik aditzen, gorputzak ez du adorerik ahotsa joko zelaira ateratzeko. Ezintasunaren aurrean bere eginbeharrean lagun diezaiokeen kanpo faktore bat bistaratu du: mahai gainean pausatuta dagoen ordenagailua. Piztu eta zera jarri du bilatzailean: rap basea. Ehundaka milaka doinu aurkitu dizkio aparatuak, baina ez dituenez entzun nahi isiltasuna hauts ez dadin, begiak itxi, sagua mugitu eta batean klikatu du.

Abiatu da musika gelako bazter oro hartzera, bertan geratzeko asmoz. Gorputzari ere iritsi zaio belarrietara, eta burmuinean txertatu da. Zaratarik atera gabe bada ere, hasi da hankak mugitzen doinuaren erritmora, burua astintzen alboetara eta goitik behera, sorbaldak askatzen… Baina ez du abestu, ez du rapeatu. Dena den ziurta dezaket bere buruan eraiki duela rap bat erritmoa jarraituz, eta honela dio:

Jaio orduko isiltasuna apurtu nuen,
argia ikusi orduko hor nintzen negarrez
amaren irribarreak hunkitu zituen
nire antipodetan denak ziren barrez.

Nire gorputzari jarri zioten izena,
nik ahotsik ezean haiek nahi zutena,
ez nuenez oraindik erabakitze-ahalmena
gerora (ahal) izan arren kendu didatena.

Mintzatzen ikasi arte dena nuen entzun
nahiz eta gehienetan ez nuen ulertzen
galdera gehiegiri nahi nien erantzun
ahotsa izan nahi horrek nonbait ninduen  lehertzen

Hitz batzuen balio ezaz jabetu nintzen
ad hominem-ak gailentzen diren munduan
irakatsi digute batzuei isiltzen
esateko ezer ez bageneuka moduan

Beti izan da garrantzitsuagoa
epistemologia egiazkoaren izenean
autoritate hutsak jarritako ildoa
nahiz ta oinarritu frogarik faltsuenean

Ikasitako guztia izan da partziala
historia, filosofia, literatura
honek ez du bihurtzen baina dena hutsala
baizik eta erakusten autoritatearen nahi hura.

Haurra, nerabea, gaztea,zaharra
beti izango du norbaitek zu isiltzeko indarra
zuk entzun behar arren haien hitz hutsalak barra-barra
azkenerako ez duzu sentituko mintzatzeko beharra
baina lasai, ez zara izango bakarra.

Badirudi nekatu dela zarataz, eta ordenagailu aurrera hurbildu da soinu malapartatua geratzera. Bete da bere nahia, eta lasaitasun imintzio bat aurpegian marraztu zaiola eseri da gelan ezkerraldean duen egur zaharrezko aulkitxo marroian. Rapean esan duena errepasatu ezin duela konturatu da, idatzi ez duelako; izan ere, grabagailu bat jarri du martxan, baina base hutsa entzun daiteke bertan, esan bezala, ez baitu ezertxo ere ez abestu altuan, nahiz eta gorputzeko zirrikitu guztietara heldu zaion dardarizoak hedatutako zirrara. Lehen aipatu dugun leku berean dirauen zomorroak isiltasuna hautsi denik nabaritu ez badu ere, askatu du gorputzak bere barneko korapiloetako bat, gerora gelako kide denen belarriko hutsa desegitea erraztuko diona.

Ahotsak, bere aldetik, ez omen du kontzientzia propiorik, gorputza behar omen du gauzatu ahal izateko; edo ez. Aldiz, gorputzak ez du ahotsik behar izateko, gorputza da, ahotsarekin ala gabe, nahiz eta batzuek gabezia gisara uler dezaketen. Hizkuntza ez da ahotsaren bidez soilik garatzen dena, horretara mugatzea akatsa litzateke, astakeria. Bada keinu bidezko hizkuntza, eta bada orokorrean gorputzaren mugimenduekin, posturekin, aurpegi-espresioen aldaketekin adierazten den multzo izugarria, esanahi guztiz aldakorrarekin kultura bakoitzean. Gorputzak hontan pentsatzen dihardu, eta hizkuntzaren mugetan pentsatzen ari dela (Wittgensteinen arabera gure munduaren mugak liratekeenak) ideia batek gurutzatu dio burua. Otu zaio badirela hezur haragizkoak ez diren gorputzak ere beraien modura hitz egiten dutenak (hezur haragizko gorputzek sortuak), eskulturak kasu. Artelan hauetako askotan, gainera, esanahia ez da gorputzera bertara mugatzen, baizik eta honek uzten dituen hutsuneek  gordetzen dute maiz mezua, Oteiza lekuko.

Honek eraman du iriztera balitekeela hezur haragizko gorputzetan ere antzekorik gertatzea, eta beraz esan beharrekoa gorputzaren presentziak baino, honen gabeziak ulertaraztea esan nahi dena, beti ere kontuan hartuz gabezia horrek ez duela zertan aurretiko existentziaren beharrik.

Arrapaladan altxatu da eta gelako ohe ondoko mahaitxo urdineko lehen tiradera ireki du. Kondoi pare bat atera du, eta hauek azken hilabeteetako sexu gabeziaren adierazletzat jo ditu. Alboan bere ahizpa zenaren argazki horitu bat laztandu du. Bi elementu hain soil hauek ondorio batera eraman dute gorputza: objektu/subjektu baten presentziak inplizituki beste objektu/subjektu baten gabezia adierazten du.

Honen ostean koaderno bat atera    du, oroitu du nork oparitu zion eta noiz (bere bikotekide ohiak 3.urtemugan, elkarren eguneroko antzeko bat egin zezaten), ireki eta lehen orrian hitz gutxi batzuk aurkitu ditu; hortik aurrerako orri denak zuri. Honek beste ondorio batera bideratu du: objektu baten presentzia partzialak inplizituki puntu batetik aurrerako beste subjektu/objektu baten gabezia adierazten du.

Ondoren, tiradera itxi eta mahaitxo azpiko zeramikazko edalontzia hartu du, atzoko tearen arrastoak ikusi dituelarik hondoan. Orduan konturatu da aurreko bi konklusioez gain hirugarrena eta begi-bistakoena atera zezakeela: subjektu/objektu baten gabeziak bere presentzia propioaren falta adierazten du. Hau ebidentea dela pentsatu du, baina esan beharrekoa, nolabait. Eta hemendik bideratu du hurrengo hausnarketara eraman duen galdera: zerk bermatzen du subjektu/objektu baten presentzia? Hau da, zeintzuk dira bete beharreko baldintzak zerbait/norbait presente dagoela baieztatu ahal izateko?

Gorputzak bere presentziaren inguruan pentsatzen dihardu. Bere presentzia ingurukoen pertzepzioan oinarritu litekeela uste du, eta hori frogatzeko asmoz gela behatzeari ekin dio. Zein presentzia begiztatzen du gelan erlazionalki berea froga dezakeena? Pauso ziur baina geldoz hasi da gelako izkinetan begira, eta han aurkitu du ustez bere galdera erantzun dezakeen izaki itxuraz hutsala eta ezdeusa: hormako arrakalan eszenari so dagoen zomorroa. Astiro hurreratu zaio, etengabe begira, eta bat batean mamorroak atzera egin du, bere kobazulo propio nimiñora itzuliz. Orduan konturatu da: bizidun horrentzat presente dago, beraz, presente dago, orokorrean, unibertsalki.

Hau jakinda, aurretik mahaitxo urdineko lehen tiraderatik atera duen bere ahizpa zenaren argazkiari eutsi dio, eta indarrez so egin. Erretratuan ageri den aurpegi alaiak, baina, ez du aldaketarik jasan, berdin dirau. Begiek distiratsu jarraitzen dute, ileko kopetak ez dira askatu, ezpainen bueltan duen txokolate marka ez da ezabatu atzamarrarekin argazkiko zati hortan kentzeko keinua egin baldin badu ere, soineko berdeko orbainak hor darrai, eskuan duen izozkia ez da urtu oraindik nahiz eta gelan bero handia egin… Baieztatu diona zera da, izaki bizidun batek presentzia egiazta diezaiokeen arren, ezin dezakeela berbera egin izaki bizidun bat ageri den objektu ez bizidun batek.

Hortaz, gorputzak badaki orain presentzia baduela besteentzat sikira, nahiz eta baduen beragan errealitate fisikoan hutsune moduan ageri ez den zenbait gabezia. Hau guztia dakielarik, ahotsarekin duen harremanera egin du salto. Badaki arazoak dituztela, ez dela hartu-eman bat, pasa dela denboratxo bat azkenekoz elkarren berri izan zutenetik gorputzetik kanporako proiekzioan. Baina badu lasaitasun bat orain, jakinik gorputzak berak adieraz dezakeela hitzik esan, abestu edo idatzi gabe. Irakurleari, zuri, esan dizu denetik zaratarik atera gabe, hitz bakar bat bera ere plazaratu gabe gorputzetik at. Nahikoa du horrekin. Konturatu da, agian behar baino beranduago, ez dagoela isiltasuna literalki hautsi beharrik ahotsik izateko.