hau ez da hau

izenbururik gabe

anton iturbe

«Don’t you know you’re life itself…»(*) David Bowiek «Wild is the Wind» kantatzen du,  1975ean, «Station to Station» diskoa grabatzeko saioan. Azken hitzaren oihartzuna oraindik desagertu gabe, Dennis Davis bateria-jotzaileak arrada dotore bati ekiten dio. Segundo batzuetako etenaldi horrek arnasa hartzeko eta inoiz entzun dudan ahozko interpretaziorik ederrenetako batez gozatzen jarraitzeko aukera ematen digu. Segundo batzuk edo betikotasuna. Joan-etorriko bidaia mugagabea, zeinean dena gerta baitaiteke eta dena aldi berean gertatzen baita.

Víctor Nubla musikari eta idazlearen «La Ciencia a la Luz del Misterio» irakurtzen dudan bitartean, Bowieren ahotsa imajinatzen dut, airean bibrazioa eragiten, eta airearen bidez inguruko gorputz eta objektu guztietara heltzen, haien gainazalak erliebe mikroskopikoz estaltzen, aurreko beste soinu batzuek utzitako milioika erliebeei gainjarrita. Objektu horien artean, binilozko disko bat dago. Haren azal aratzaren gainean, orratz batek betiko grabatzen ditu erliebe horiek, geroago, oraindik heldu ez den etorkizun batean, beste orratz batek irakurri eta Bowieren ahotsa beste leku batera jaulki dezan. Nire belarriak, nire gorputza, nire gela.

Duela 35.000 urte egindako txirula bat aurkitu dute duela gutxi. Victorrek, aurkikuntza horren berri izan duenean, bere buruari galdetu dio zer soinu jotzen ote zituzten txirula horrekin, eta soinu haietatik zer arrasto gelditu den. Gaur egun, «Station to Station» bezalako binilozko diskoetan grabatutako soinuak erreproduzitzeko gai gara. Gai izango ote gara, egunen batean, mendeetan zehar edozein gainazal estali duten soinuak erauzteko? Horrela izango balitz, ezer ez zatekeen desagertuko, dena geratuko litzateke grabaturik. Gure iragan osoa birsortu egingo litzateke gure orainean, haren etorkizunean, gure soinuekin nahastu eta beste etorkizun baterako grabaturik geratzeko.

Guregana heltzen den izar baten argia, guretzat oraina izan arren, iragan urrunean izandako gertaera baten irudia da. Era berean,  grabazio bat beste garai eta espazio bateko mezua da, hemen eta orain guregana heltzen dena. Bowieren hitzak, haren arnasa eta 1975eko estudio hartako oihartzuna nire gorputz osora heltzen ari dira, nire gelako bazter guztietara eta iraganean milaka kantak eta elkarrizketak haietan utzitako erliebe guztietara. Entzun, usaindu, ukitu eta dastatu egiten ditut, nire barne-tolestura guztietara heltzen diren bitartean, une bakar eta aldi berean betiereko honetan guztiz nireak izan daitezen.

Orain, Bartzelona etortzen zait gogora… Musika Elektronikoko jaialdi bat, 2015ean. Auditorioa erabat ilun dago. Autechrek bere musika erreproduzitzen du, konplexua, aldakorra, bere buruarekiko etengabeko mugimenduan eta ihesaldian diharduena, eta guk ezin ditugu musikariak ikusi. Begiak ixten ditut Bartzelonan eta begiak ixten ditut hemen, eta soinuak haien gorputzen ingerada, gurea eta auditorio osoarena nola marrazten duen ikusteko gai naiz. Soinuak espazio osoa betetzen du. Soinua espazioa bera da. Materia, aldi berean, uhina eta partikula da. Autechreren bibrazio elektronikoek niretzat eraiki duten gelan bizi naiteke, haren hormak uki ditzaket, nire eskuetan bibrazioa sumatu eta neure bibrazioarekin erantzun, nire irrikaren eta metatutako entzute guztien mukuruarekin. Lagun batek xuxurlatu dit historiako kanta guztiak aldi berean entzuten zirela iruditu zaiola une batez. Inoiz ez dut hori baino deskribapen zehatzagorik entzun, Manchesterreko bikoteak bere agerpen guztietan sortzen duen soinu-anomalia zoragarriak eragiten duen sentsazioa adierazteko.

Esaten dutenez, Bowie garai hartan  kokainaren mende zegoen  erabat. Horregatik ez omen zuen gogoratzen «Wild is the Wind» grabatu zueneko xehetasunik, ezta kanta hori barne hartzen duen «Station to Station» diskoa grabatu zuenekorik ere. Inork ere ezin du jakin zehazki zer irudi zerabiltzan buruan saio haietan, ezta berak ere. «Station to Station» diskoaren azalean zuri-beltzeko argazki bat dago, non Jerome Newton, Bowiek «The Man Who Fell To Earth» filmean hezurmamitzen duen pertsonaia, kamera anekoiko baten hormako zulotik burua aterata ageri den. Soinuaren barruan harrapatutako irudi bat da, soinua guregana heltzen denean ikusgai jartzen zaiguna. David Bowieren gorputz delikatu eta ederraren larruazal zuri-zuriaren azpian ezkutatzen den estralurtarrak hartu duen izena da Jerome Newton. Jeromek ezin du bere eginkizuna bete: Lurretik ura eramatea bere jatorrizko planeta egartira. Gainera, berarekin harremanetan jartzen diren gizaki guztiek traizionatu, manipulatu eta abandonatu egiten dute. Horregatik, disko bat grabatzen du, egunen batean bere planetara transmititzea espero duen mezuekin. Bowiek/Jeromek «Wild is the Wind» grabatu zuenean irudikatutako munduak eta unibertsoak kodetuta daude orain nire gelan entzuten dudan binilozko disko horren ildoetan. Geltokitik geltokira bidaiatzen dute, etorkizunean deskodetu ahal izango diren denbora eta espazioen bila.

Nire begiek itxita jarraitzen dute, ikusi ahal izateko. Haizea basatia dela eta nire ontzia gobernaezina dela sentitzen dut orain. Ez diot aurre egiten, haren putzaren indarraren aurrean abailtzen naiz eta uzten diot leku ezezagunetara eraman nazan.  Londresen nago, OTO kafetegian, udaberriko ilunsenti gozo batean. Okkyung Lee biolontxelistak zenbait artistarekin batera jotzen du, bere instrumentuaren soinua saxo, piano edo sintetizadore elektronikoekin nahastuz. Hainbesteko tinbre-aberastasuna ateratzen dio Okkyungek bere biolontxeloari, non soinuen testura horretan ezin baitut bereizi zer soinu egiten duen instrumentu bakoitzak. Bat-bateko bolada batek Atlantikoaren beste aldera narama, Rhizome gunean (Takoman, Washington DCko aldirietan) agertoki bihurtutako egongelara. Bertan, Claire Rousay perkusionista bakarka ari da. bateria txiki baten aurrean eserita; orotariko objektuak kolpatzen, igurzten, manipulatzen eta botatzen ditu danborren kontra: platerak, puxtarriak, plastikozko poltsak, kateak… ohiko baketak ez ditu inoiz ere erabiltzen. Liluragarria da musika sortzen ikustea, baina are liluragarriagoa da norberak beste alde batera begiratu eta orkestra oso bat irudikatzen badu, oihan tropikaleko zaraten erdian jotzen. Egia esan, ohituraren ondorioz, instrumentu bakoitza  soinu zehatzekin eta jotzeko modu jakinekin lotzen dugu, eta eroso sentitzen gara biak aldi berean gertatzen direnean. Baina gure sentsazioei soilik jarraituz irudimenari gure ordez ikusten eta entzuten uzten badiogu, ustez ezagunak ditugun instrumentuak bestelako soinuekin lotuko ditugu, edo soinu horiek berak egiteko gauza diren instrumentu berriak sortuko ditugu. Haietatik zein dira errealak? Soinu bat objektu jakin bati dagokio ezinbestean? Edo, agian, instrumentuak denboraldi batez bakarrik gordetzen du soinua, harik eta norbait gai izan arte soinua askatzeko eta barnean hartzeko prest dagoen pertsona, objektu edo espazio orotara helarazteko. Haiek, soinuak barneratu eta gero, beste une batean, berriro askatu eta beste hartzaile batzuengana helarazten dituzte. Okkyungek eta Clairek beren barne-soinuak askatu eta, instrumentuen bidez, niregana transmititzen dutela amestu eta sentitzen dut.  Nire belarriekin entzuten ditut. Nire gorputzean hartzen ditut, zentzumen guztiekin. Ikusi eta bizi ahal ditut iraganeko eta etorkizuneko une guztien arteko elkargune batean, argitasun itsutzailea dagoen gune batean, non, instant batez, denak zentzua hartzen duen. Betikotasuna.

1990eko hamarkadaren erdialdean, argazki bati begira nago, eta xehetasun bakoitza antzematen saiatzen naiz, gero marraztu ahal izateko. Argazkia 1974an hartua da, NYCko Madison Square Gardenen. David Bowie zuzeneko emanaldia egiten ari da «Diamond Dogs» izeneko biraren barruan, «Station to Station» diskoa grabatu baino lehen. Soka zuri batek hainbat buelta ematen ditu haren gorputzaren inguruan, pertsonaia batetik bestera eraldatzen den bitartean: orain Ziggy Stardusten edo Aladdin Saneren purpurina leherkorra, orain Thin White Dukeren edo Jerome Newtonen dotoretasun motela. Irudi luke pertsonaia berria pixkanaka sortzen ari den larba bat dela, une egokia heltzen denean, gu bera hartzeko prest gaudenean, askatuko dena. Paperaren gainean irudiaren silueta marrazten dut, eta haren ukimena suma dezaket, haren arropa ferekatuz; haren ilea nahas dezaket hatzekin; haren figura uzkurtua besarka dezaket, nirea izateko. Liluratuta. Maiteminduta.

Irudia eta marrazkia nahastu egiten dira nire buruan, «Wild is the Wind» entzuten jarraitzen dut, lehenago utzia nuen puntu berean. «Don’t you know you’re life itself…», haren ahots galdetzailearen oihartzuna  oraindik itzali ez denean, Bowiek burua jiratu eta atzera begiratzen du une batez. Niri begira dago. Bai, orain neu ari naiz arrada hori jotzen….

(*)  Ez al dakizu bizitza bera zarela?