barru, barren, barrene

ur lurtsua, lur urtsua, harriak, hilobiak

elena martinez rubio / elena galzusta

I

           Olatu bortitz batek eraman zuen gure aitona ezustean, itsasoa bare zegoen abenduko egun argitsu batean. Itsasaldien bat-bateko aldaketak bizia kendu zion aitonari. Ez zekien igeri egiten. Harkaitzen artean erori zen, eta inor ez zen ausartu salbatzeko ahaleginak egiten.

Hamahiru urte zituela etorri zen aitona Bilbora, lanera, Gaztelako barrualdeko herri batetik, aita hil berritan. XX. mendearen hasiera zen. Harrera ona egin zion Acha abizeneko Bilboko familia batek. Haien dendan egiten zuen lan eta haien etxean bizi zen. Adinkide zituen etxeko seme-alabekin ere ibiltzen omen zen zeregitekorik ez zegoen denbora-apurrean. Noiz ikusi ote zuen aitonak itsasoa lehenbizikoz? Beharbada, Portugalete edo Areeta aldera joango zen iganderen batean, itsasadarrari jarraikiz, oinez edo bizikletaz, orduan egin ohi zenez.

Gaztelara ez zen inoiz itzuli. Denboraren poderioz, itsasoarekiko zaletasun sutsua jabetu zen aitonaz. Eskuan arrantzako kanabera bat zuela ematen zituen larunbat gaua eta biharamuna itsaslabarretan, iluntasunari edo argitzen hasia zen zeruertzari so, isiltasunaz gozatuz batere arduratu gabe arrainik harrapatzen zuenetz.

Urte asko dira aitona ito zela. Nork daki nolakoa den denbora urpean, nola iragaten den bertan. Egunez, oraindik ere iristen dira dirdai batzuk uraren azaletik. Baina mingarriagoa da gaua irudikatzea, edo materia nola desegiten, herdoiltzen eta urtzen den. Gatzagoa da uretan alderrai dabiltzan espirituen zantzuei ilunpetan jarraitzea, edo argia zer den ere ez dakiten itsas hondoko arrain ia itsuei. Garratzagoa, elikagai bila dabiltzan izaki zargalduei antzematea eta ur-lasterrek batetik bestera eramaten dituzten animalia ezezagunak imajinatzea, edo inor iritsi ezin den gune espektraletan poliki biratzen diren partikulak…

Haren alabak —gure amak— albiste izugarria jaso zuen egun hartatik gogoratzen dudanetako bat hau da: hilotza berreskuratu ezinak eragin zion etsipena. Zazpi urte nituen nik, eta ama lasaitzeko bide baten bila ibili nintzen, ulertu gabe zergatik ote zen berarentzat horren garrantzitsua gorpuaren agertzea. Aitona hilda baldin bazegoen (nola, bestela?) eta minik hartzen ez bazuen, zertarako geure burua gehiago torturatu aitona nora ezean zebilela-eta uraren gainean, edo olatuek astindua eta harkaitzen kontra hautsia, uretan erabat desegin bitartean? Hilda baldin bazegoen, zer axola zigun horrek guztiak? Ez al zen, bada, lurpeko hobi batean egotea bezalaxe? Zorrozki erabilitako logika hutsa zen nirea.

Aitona ez zen agertu. Beraz, itsasoa izan zuen hilobi. Dena den, hitz hori ez genuke hemen erabili behar; hilobiaren esanahia ezin baita bereizi biziok hilaren gainera jaurtitzen dugun lur-mordotik, ez eta gorpuari harrera egiten dion lurrezko barrunbetik. Ama lurra, antza. Bizileku, egoitza. Baina ez dira, berriz, hilobi itsasoaren edo zingira baten hondoak, edota ibai handi zabal bat, non uraren gorabeherek berezko abiadura eta erritmoa izaten duten. Agian, horietan atsedenik ez dagoelako, edo ura arrainen gaia delako, ez, ordea, bizi ahal izateko oxigenoa behar duten gizakiena. Agidanez, gizakiek hil ondoren ere airearen beharra daukate desintegratu eta egoera berriari (espirituala, naturaz gaindikoa edo dena delakoa) behar legez ekiteko. Horrexek kezkatuko zuen gure ama, aitonaren betiereko ezinegonak, alegia. Jakingo zuen aitonak ez zuela, ezta hil ostean ere, atsedenik aurkituko uraren azpian. Bai, une latz horietan gogoan izaten dira batez ere hil berri denak bizitzan igaro dituen ataka gaiztoak, izandako oinaze anitzak eta zorion-une urriak… zorigaiztoko heriotza urtsua eta bidegabea izateko azkenean.

Handik aurrera, itsasoa ikusten genuen bakoitzean ama atsekabetu egiten zen. Beldurrez eta goganbeharrez begiratzen zion ostertzari. Haren bizitza osoan gertatu zen horrela. Nik, aldiz, bainu hartzea eta igeri egitea, besterik ez nuen buruan, nahiz eta ordurako ikusia nuen —zeharretik begiratzen niola, hondartzan uda batez— nola atera zuten uretatik emakume baten gorpu ubela. Beste batean, berriz, ni neu astindu eta dantzatu ninduten uhinek. Hartan harea jan eta ur gazia irentsia nuen, erruz.

Orain jabetzen naiz aitona, amaren ikuspegitik behinik behin, itsaso barruan geratua zela, ekai arrotz baten —uraren— mugagabetasunean galdurik, norabiderik ez zuen bidaia zentzugabe batean. Dirudienez, lehorreko hilobi batek mugak jarriko zizkiokeen, eta uraren anabasatik babestuko. Hobiak etxe baten antz handiagoa izango zukeen. Guztiarekin ere, amaren nahia ez zen ez gurutzerik ipintzea, ez apaizen bedeinkapenik izatea, ez gorpu aurreko hiletarik. Horixe da harrigarriena eta ohiz kanpokoena, lehen begiratu batean, behintzat. Izan ere, ez aitonak, ez amak, ez birraitona-amonek…, hau da, familiaren oroimena XIX. mendearen erdialdera arte heltzen den heinean, inork ez zuen sinestu inongo jainkorengan, ezta heriotzaren ondorengo bizitzan ere. Antiklerikalak ziren. Ez zuten Elizaren baimenik behar izan jaiotzeko, hiltzeko edo ezkontzeko. Are gehiago, Eliza saihesten tematu ziren beti, ahal zela. Agidanez, hilobi baten nahia erlijiotik haragokoa zen.

Hildakoei buruzko ohiturek eta sinesmenek sustrai sendoak dauzkate norbanakoengan nahiz kultura guztietan, eta batzuetan asmakaitzak dira. Bada, gure amak, —gaztelar zahar baten eta Bizkaiko emakume baten alaba—, noizbait itsasoa onartzea lortu zuen, baina hura maite izan gabe.

II

           Lurra etxea da; etxea, aldiz, harria, lurra, lastoa, buztina, txilarra, ihia, zura… Bizientzat nahiz hildakoentzat. Trinkoa den zerbait. Hilobiak ere lurrezkoa edo harrizkoa behar du. Edo, bestela, zurezkoa. Aleman hizkuntzak baditu hitz bi, gutxi erabiliak honezkero, “hilkutxa” esateko: Totenbaum (“hildakoen zuhaitza”, hitzez hitz), eta Baumsarg (“zuhaitz-hilkutxa”), antzina hilotzak hustutako zuhaitz-enbor baten barruan jartzen zirelako. Egungo hilkutxa lerrozuzen, ongi leundu eta bernizatuaren aurrekaria edo jatorria.

Etxea leize-zuloa izan da, haizpea, koba, habia, arbasoen hilerria. Toki askotan, behinik behin. Edo bestela, trikuharri bat egon dadila bederen, tumulu bat, hil-muino bat, ehorzlekua. Ura ez da hobia, ordea. Izatekotan, uharteetako bizilagunentzat eta aintziren ondoan bizi diren herrientzat soilik. Aipatu horiek kontinentetik uhartera iritsi zirenekoa gogoratu ohi dute. Zenbait ospakizun horren lekuko dira. Japonian, demagun. Hildakoak, urtean behin senideei egiten dieten bisita laburraren ondoren, ihizko ontzi txikietan itsasoratzen dira Urrutiko Herrialdera itzultzeko. Bakoitzak haize-oihalean darama idatzirik bere izena, eta bidaia luzerako elikagaiz horniturik ontzia. Biziak, berriz, aldeko mareari eta haizeari itxaroten diete. Eta unea iristen denean, itsas zabalera irteten uzten diete argi bana piztuta duten itsas­ontzitxoei. Hisako Matsubara idazleak Obon deritzon tradizio horren deskribapen poetiko ederra egiten du Samurai eleberrian. (1)

Ura, munduaren sorrerari buruzko antzinako kontakizun askotan, kosmogonietan, ageri da. Herri guztiek sumatu dute, zientzia moderno ahalguztidunak bere metodoekin egiaztatu aurretik, mundu hasierako egoera zein zen: ura baino ez. Ur iluna, misteriotsua eta aztoratzailea, irrazionaltasunarekin eta bihotz-ikarekin lotu izan dena ametsen interpretatzean. Baliteke horiek haurtzaroko babesgabetasunaren hondarrak izatea, unibertso azkengabe batekin batzeko irrikaren adierazgarri. Freudek “sentimen ozeanikoaz” hitz egin zuen Kulturaren ezinegona idazlanean. (2)

Ur-azala berez baretsua denean, aldiz, (aintzirak eta urmaelak, adibidez), urak erakarmen berezia, berebizikoa du. Sei proposamen hurrengo milurterako liburuan, Karlomagnori buruzko istorio zahar baten berri eman zigun Italo Calvinok. Karlomagno neskatxo batekin maiteminduta zegoen. Hau gazte hil zen ustekabean. Hilotz baltsamatua bere gelara eramateko agindu zuen enperadoreak, eta ez zuen haren ondotik aldendu nahi. Grina makabro hark izuturik, aztikeriaren baten susmoa hartu zuen Turpin artzapezpikuak, eta hilotza miatzea erabaki zuen. Eta hara non aurkitu zuen, hildakoaren mihi azpian izkutaturik, harribitxidun eraztun bat… Turpinek Konstantzako lakura jaurti zuen eraztuna. Oraingoan Karlomagno Konstantzako lakuaz maitemindu zen, eta ez zuen inoiz alde egin haren ertzetik. (3)

Elezahar horrek bide korapilatsu eta luzea egin du denboran barrena, hamaika osagai nahasiz bere baitan. Hala eta guzti, istorioaren mamia eta sorburua Konstantzako laku zabalaren edertasuna, besterik ez da, seguruenik. Lurralde hartako lehenengo biztanleek ere, Karlomagnoren antzera, miresmenez eta liluraz begiratuko zioten aintzirari. Eta naturaren gune berezi hura gurtu eta miretsi ez ezik, eskertu ere egingo zuten lakuaren uretatik ateratzen zuten bizibidea.

Ekaitzen eta itsasaldien indarraz nahasitako urek, alabaina, susmo txarra eragiten dute. Hamaika elezaharretan iraun du bizirik hainbat hondoratze eta hiri urperaturen oroitzapenak. Bretainian, Ys da hiri horietatik ezagunena. Han, —Esloveniako Bled glaziarreko lakuaren sorrerari buruzko kontakizunean eta beste askotan bezala—, urak ekarritako hondamendiak gizakien harrokeria zigortu zuen, herritarrak lurraren azaletik ezabatuz. Eta ari dira azaltzen zenbait froga baietz diotenak, urak irentsi zituela zibilizazio haiek. Uholdeak, itsasikarak, itsas mailaren apurka-apurkako igotzea… Hala gertatu omen zen Doggerland izeneko lurraldeetan ere, zeinaren jabe egin baitzen Ipar Itsasoa duela zortzi mila bat urte. Gaur, itsasoaren hondoan dago Europa kontinentalaren eta britainiar uharteen artean. Garai batean, ostera, ehiztari-biltzaileak bizi ziren bertan. Aldian behin, orduko tresnen eta gauzakien hondakinak azaleratzen dira, arrantzaleen sareetan harrapaturik. Antzeko zerbait gertatzen ari da orain Ozeaniako Kiribati uhartetan: klima-aldaketa dela  bide, itsasoa igo da eta irlak azpiratzen hasi. Kiribati herrialdeko biztanlegoak, berriz, ongi antolatu du dagoeneko lekualdatzea. Ezinbesteko etxe-aldatze bat, atzera egiterik ez duena.

Nolanahi ere, izugarria izan daiteke, gehiegizkoa, itsasoari zuzen-zuzen begiratzea, bitartekaririk gabe. Claude Debussy, esaterako, ez zegoen itsasaldean La mer lanaren konposatzeari ekin zionean, baizik eta barrualdean, Borgoinan. Lagun bati gutun bidez aitortu zionez, itsasotik urruti egotea ez zuen oztopo itsasoaz musika idazteko, alderantziz baizik. Lagungarriago zitzaizkion oroitzapen ugariak, ahalmen handiko errealitate baten aurrez aurre jartzea baino, horrek zama astunegiz betetzen baitzion irudimena. (4)

”Lagundu iezadazu begiratzen!” eskatzen dio horrexegatik Diego haurrak aitari, Eduardo Galeanoren Besarkaden liburu izenekoan. Lehenbiziko aldiz itsasoa ikusi eta txunditurik geratu da umea, hitzik gabe. (5)

III

           Uretatik gatoz, eta ura gara gehienbat. Hala gogoratzen digu egunero ur ontziratuaren saltzaileen aliatua den propaganda ofizialak. Bitartean, ez diote ura kutsatzeari uzten, ez eta ingurumena basamortu bihurtzeari ere. Hemen, Atlantikoko kostaldetik gertu, berriz, lurra ura baino seguruagoa iruditzen zaigu. Hala ematen digu senak, aspaldi-aspalditik itsasketan adituak izan arren. Ausardia eta zuhurtasunaren artean ibiltzen gara, beharbada, gai honetan. Ezin uka: ura gorabeheratsua da, eragabea. Ez du ez mugarik ez antolamendurik. Eta zer esanik ez: urtegi eta ur bildu oro, hots, gizakiok eragindako uholde eta uraldi artifizial guztiak, adur txarrekoak dira. Urtegi batek urak egiteak, bere hormen hausteak ez du bizitzarekin loturarik, heriotzarekin baino. Jakina, urari eusteko dikedun eraikuntzak duela milaka urte asmatu ziren, baina beldur antza sorrarazten digute oraindik. Areago, aurrerapenaren ideologia gainbehera dabilen honetan. Gainera, ezagun da gutxi batzuen asmoa beren etekina eskuratzea dela herri lanen bitartez, beste ezeren axolarik gabe.

Sinbolismoaren aldetik, atzerapausotzat har daiteke lurra urak hartzea, gizakiek ingurunean finkatzeko aurretik egindako bide luzea eta nekeza kontuan hartuz gero. Urtegiak une jakin batean onuraren bat ekar dezakeela uste izan arren, uraldiek suntsipena dakarkigute gogora. Badirudi noizbait ura mendean hartzea lortu bagenuen ere, guk geuk bersortu dugula gero arriskua.

Egia da, halaber, asmakizun tekniko guztiak galzoriaren kontzientziaren eskutik etorri izan direla beti, batez ere Metalen Aroaz geroztik. Hondamendi naturalak nahikoa ez nonbait! Hainbat sinesmenek, gizakiok asmaturiko tresnek eta handinahiek berekin ekar ditzaketen ondorio kaltegarriez ohartarazten digute, behin eta berriz; besteak beste, burdina lantzen dutenak edo zubiak eraikitzen dituztenak deabruak edo lamiak direla diotenetan. Demagun, Zuberoako Ligiko zubia, zeina izaki ez-gizatiarrek in illo tempore eraiki omen zuten gauez, oilarra kukurrukuka hasi baino lehen…. Oilaritea izaten da-eta beti izaki susmagarri horien ilunpeko zereginei amaiera ematen diena.

Bestalde, aski da gogoratzea XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan urtegietan izandako ezbehar latz eta hilgarriak. Haietako batzuetan herritarrek galdu zuten bizitza; bat aipatzearren, Ribadelagokoa. Beste batzuetan, aldiz, langileek, Espainiako Monfragüekoan, adibidez, edo Suitzako Mattmarkeko dikeko lanetan. Istripu honetan glaziar bat hautsi eta izotz-puska erraldoi batek estali zuen dikea. Lanean ari zirenak  50 metroko izotz-geruzaren azpian geratu ziren harrapatuta. Beharginak egun batzuk lehenago ohartu ziren goitik jausitako izotz-zatiek hondamendia iragartzen zutela. Baina dikea lehenbailehen bukatu beharra zegoen, eta langileak estutu egin zituzten destajuko lanean jardun zitezen. Duela oso gutxi, XXI. mendean jada, Brasilgo Brumadinhoko urtegiari oniritzia berretsi zioten enpresa alemaniar bateko begiraleak ere estutu omen zituzten. Eskatu omen zieten, dikea hausteko zorian zegoela nabarmena bazen ere, ez ikusiarena egiteko urtegiaren egoera kazkarrari. Ondorioz, ehunka lagun hil ziren handik hilabetera. Testuinguru honetan, enpresako adituak estutu baino, eroskeriaz jokatuko zuten; aurretik aipatutakoan, ostera, kaleratzeko mehatxu egingo zieten beharginei, ohi denez.

Gainerakoan, ez da ahaztu behar urtegiek naturan duten eragin gaiztoa. 2014ko dokumental batek luze eta zabal jorratu zuen Estatu Batuetako joera itsua urtegiak egiteko. Dokumentalak DamNation (Madarikazioa) du izena. Ingelesezko izenburuak hitz-joko bat egiten du ere, dam (dikea) eta nation (nazioa) elkartuz. Dokumental horretan erakusten da, besteak beste, nola mozten zaien izokinei maitasunerako bidea, itsasotik ibaian gora abiatzen direnean. Izokinak dikearekin topo egin eta gogor borrokatzen dira hesi erraldoiaz beste aldean ugaltzeko asmoarekin. Batzuetan, 60 metrorainoko jauziak egiten dituzte horma gainditu nahian. Alferrik, ordea. Egun, urtegitzar horietako asko zaharkituta daude, gainera. Eraitsi egin behar lirateke, euren murruen atzean bahituriko ibai, iturri eta errekei askatasuna emateko. Horixe aldarrikatzen du, hain zuzen ere, dokumental bikain horrek. (6)

IV

           Baina gaia ez da hor agortzen: urtegiek, gizakion bizibide bat desagerrarazi eta natura kaltetzeaz gain —eta ez da gutxi!—, arbasoen kanposantuak, gune sakratu diren horiek, urperatzen eta suntsitzen dituzte. Landa-giroko bizilegea ia galdua dugun honetan, interpretazio zaharkitua ematen du horrek, hots, testuinguruz kanpokoa… eta “hondakin” antropologikotzat har daiteke. Argi dago askorentzat ez direla ulertzen errazak milaka urte iraun duten hildakoekiko atxikimena eta berauek omentzeko nahimena. Izan ere, maiz tumuluak eta hilak ehorzteko erabilitako beste zenbait eraikin megalitiko aurkitzen dira oraindik ere mugakideak diren eskualdeetan. Gorpuen hilobiratze mota horrek, alegia, hildakoak bertan izateak mugarri gisa, erakutsiko zien auzo-herriei lurraldea aspalditik zedarritua eta finkatua zegoela, zilegitasun osoz. Froga ukaezin bat, lehen zalantzan jartzerik ez zegoena, ez arinkeriaz, behintzat.

R.J. Senderren Imán eleberrian, Espainiako armadak zapaldu, lauskitu eta txikitu egiten du Viance izeneko pertsonaia nagusia, —“Imán” goitizenez, zorigaiztoa erakartzeko duen trebeziagatik—, Marokoko gerran. Onenak emandakoa da Viance, garaiz aurretik zahartua, erabat hondatua. Dena galdu du. Munduan ez ezer ez inor duelarik, herrira itzultzea erabaki du. Oinez heldu da azkenik, arratsalde batean. Neke eta gabezia ugari pairatu ondoren, hurbil dago bere herritik: Korrika doa orain Viance; azkar asko egin du azken tartea eta, azkenean, urduri iritsi da haranaren goiko aldera. Hor behean urmael bat dago, geldoa, zikina, eguneko azken argia islatzen. Baina, herria? Non da? Ez dago herririk. Ez dagoen tokia bilakatu da Urbiés, Vianceren herria. Desjabetu egin dute. Ureztatze-plan batek xurgatu du, bertan urtegi bat egiteko. Bere etxea, gurasoek zapaldu zuten lur hura, lokatza da orain, lohia, auka multzoa. Urbiés herria urtegiaren pean datza hilik; gurasoen hilobiak, berriz, ur zikinaren pean hilobiratuak: dena ezabatua dago, dena dago betiko aienatua, airean. Horrela nabarmendu zuen Senderrek zernolako garrantzia izan dezaketen urtegiek profanatutako hilerri horiek, eta zein den aurreko belaunaldien bortxazko isilaraztearen esanahia. Asaba zaharrak, bizirik irauteko oinarria izango ziratekeen Viance zorigabearentzat: Orain, lainoa eta haizea ari dela zapaltzen iruditzen zaio. Amaigabean hasten da haren bizitza, oinarririk gabe; ez dauka oinak non jarri abiada hartzeko. Hobe esanda, ezer ez dauka bere aurrean, ezta azken hatsa non eman ere. (7)

Apurtu da jarraitutasuna. Ez dago ezta jarraitutasun-sentipenik ere, lehena egotea ameskeria litzatekeelako, hein batean. Ur hotz ezatseginak hondoratu du itxaropen errugabe xalo bat, zeina sineskeria ez baita, ametsa bada  ere, hitzaren zentzurik onenean. Urpean dauden hilek ziurtasun izugarri hau egiaztatzen dute: norbera ere lur honetatik joango dela inongo aztarnarik utzi gabe. Hainbeste nahigabe eta gero, mundutik erabat urratua izatea amildegira begira jartzea bezala da. Itolarria sortzen du, zorabioa. Azken batean, gizakion etorkizunean irauteko premia hori bera da Hannah Arendtek jorratzen duena bere filosofian. Haren ustez, bakar-bakarrik jendaurreko eremu politiko aske batek izan dezake ahalmena gizakien jarraitutasuna babestu eta bermatzeko. Hau da, gizon-emakumeon ekintza gogoangarriak sustatu eta gogoratzen dituen agora edo plaza bat, erlijiotik kanpokoa, bidezkoa, iraunkorra. (8)

V

           Hilen gurtzearekin uztartuta daude tinko eusten zaien usadio, ospakizun eta erritu asko. Dena delarik, ez dira berehalakoan ezagutzen, beste itxura batez azaltzen zaizkigulako. Okzitaniako Mostiers herria dugu horren adibide. Hona hemen lehenengo geruza anekdotikoa: Mostiers leku “pintoreskoa” da, eta Frantziako herririk ederrenen artean dago Les Plus Beaux Villages de France izeneko sailkapenean. Turistak gora eta behera ibiltzen dira herriko kaleetan, eta herritik kanpo dagoen ermita bateraino igotzen dira ere. Gidariak azaltzen dienez, makina bat mirari jazo dira han. Bigarren geruza: urteko egun jakinetan bertakoak gora eta behera ibiltzen dira elizbirak eginez, Ama Birjinari dioten jaierak bultzatuta. Hirugarren geruza: ermitaren kokaleku ikusgarria kobazuloz inguraturik dago. Inork ez die erreparatzen kobazulo horiei, gehienak erdi erorita daudelako, txikituta. Milaka urteko higadurak hondatu ditu kare-haitzezko harpeak, eta haietara sartzea eragozten duten laharrez eta zikinkeriaz beterik daude. Ez dago kobazuloak aintzat hartzen eta balioesten dituen “goi agintari­tzarik”, ez aztertzen dituen aditurik. Hortaz, ikusezinak dira. Bazterrera utzitako horiek esanguraz beteak dira, inork jaramonik egiten ez dien arren. Hurrengo geruza: batek daki turisten gidariak ahoan hartzen duen fede katolikotik zenbat geratzen zaien Mostiersko herritarrei. Halere, hutsik egin gabe igotzen dira ermitara. Handik, begiak betetzeko moduko ikuspegia dago. Azken geruza: herritarrak igotzen dira, hain zuzen, herriaren jatorria goian dagoelako. Han bizi izan ziren arbasoak, eta han daude ehortzita. Eta hain sendoak izango ziren igoaldi paganoaren sustraiak, hain egoskorrak herriko bizilagunak, non Elizak ermitatxoa eraikierazi baitzuen goialdean, nahiz eta bitartean, behin kobazuloak utzita, herritarrak beheragoko leku egoki batean, —gaurko herria—, bizi ziren.

Milaka urte eman ditugu Mendebaldean hilen ondo-ondoan bizitzen, etxepe berean. Etxekoak etxetik hurbil lurperatzeko ohitura zegoen, Elizak besterik agindu zuen arte. Suitzako Alpeetan dagoen Vrin herrixka da horren eredu polita eta aipagarria. Hainbat hezurrek eta garezurrek osatzen dute herriko elizatxoaren kanpoko erlaitza, denak ongi lerroturik. Zuria da eliza, eta, hezurrak gorabehera, ez da batere goibela. Vrinek lotura estua izan du beti bere hilekin. Herritarrek, agian, arbasoen laguntasunaren behar handia izaten zuten lehen, herria, biztanle gutxi izateaz gain, elurragatik isolatuta geratzen zelako neguan, luzaz. XX. mendea amaitzear zegoela, aldiz, egitasmo berezi eta garrantzitsu bati ekin zioten bertakoek, geroago balio handikoa izan zena herriari bultzada bat emateko eta itxaropena pizteko. Bada, herria hustutzeko gertuan zen, eskualdean ez baitzen ez lanik ez bizibiderik. Orduan, herritarrek eskaera bat egin zioten bertako semea den Gion Caminadari arkitektoari: heriotza bazterreratzen eta ezkutatzen den egungo garai honetan, dolua ardatz zuen eraikin bat egin zezan, era berean, gizartearen aldaketak jaso eta adierazteko gaitasuna izango zuena. Gion Caminadaren erantzun abangoardista Stiva da Morts izan zen (“Hilen aretoa”, grisoiera deritzon hizkuntza erretroerromanikoan), herriaren heriotzarekiko harreman-nahia ongi betetzen duen lekunea. Caminadari, nazioarteko ospea ekarri zion lan horrek. Ekimenak, bestalde, zenbait bide berri urratu zituen eskualdeko baliabideen erabilerari zegokionez; hala nola, bertako eskulanaz baliatzea, eraikuntza-teknika tradizionalen berreskuratzea eta bakar-bakarrik bertako materialak erabiltzea. Caminadak, gainontzean, ez zuen erabili tradizioa zaintzearen aitzakiaz etxeei ematen zaien kanpoko itxura fol­klo­ri­koa. Stiva da Morts bere ingurunean ongi txertaturiko eraikina da, hala ere. Balidurike biziak eta hilak ados jarri zirela Vrin herriak aurrera egin zezan. (9)

VI

           Gaurko hiri-ingurunean, biziak nahiz hilak arrozteko modukoak izaten dira ehorzketak. Hildakoak edozein tokitan lurperatzen dira: hurbileko aireportu bateko zarataren pean, autobide baten autoen etengabeko joan-etorritik gertu, eskiatzeko teleaulkien motor kirastuaren alboan. Batzuetan, gorpuzkinekin jokatzeko era guztiz bitxia, iluna eta  itogarria izaten da, Evelyn Waughen The Loved one eleberrian bezalaxe. (10) Gizartea kitsch eta arrazionalismo positibista gupidagabearen artean kulunkatzen da maiz. Hari horrretara, hasia da hil ondoren organoak dohaintzan emateko derrigortasunari buruzko eztabaida. Ez da harritzekoa, ikusirik medikuntza ofizialaren inperioak zenbateraino gidatzen, hertsatzen eta setiatzen gaituen biziok, gaixo dagoenaren iritziari muzin eginez eta bere osasunaz erabakiak hartzeko eskubidea ukatuz. Izan ere, biziok  gure etxetik kanporatzeko eragozpenik ez dago; are gutxiago, hilak eta hilerriak desegiteko edo urpean uzteko.

Zenbaitek onartuko luke ere hildakoak baliagarriak izatea irabaziren bat ateratzeko. Halaxe nahi eta egin zuten naziek. Aldous Huxleyk aurreikusi zuen Brave new world bere liburuan, non hilotzak errausteko labeen argi koloretsuak mundu zoriontsuko gauetan atzematen ziren, dirdirka. Lautada ilunean barrena hego-ekialderantz zihoazela, Slougheko errausketa-labearen eraikin handientsuek erakarri zituzten haien begiradak… Fosforoaren berreskuratzea —azaldu zuen, laburki, Henryk–. Egun, fosforoaren % 98 baino gehiago berreskuratzen da. Kilo eta erdi baino gehiago helduen gorpu bakoitzeko. Guztira, ia laurehun tona fosforo urtean, eta hori Ingalaterran bakarrik… Bai gauza ederra jakitea hil eta gero ere jarrai dezakegula gizartearentzat probetxugarriak izaten. (11)

           Ez, kontua ez da hilek agintzea, baizik eta biziek gorpuen osotasuna babestea; behetik goraka, ez botere usurpatzaile batek nahi lukeen erara. Kapitalismoari eta bere saltze-saltsari errausketa ondo datorkio, ezin hobeto ematen baitu aditzera erabili eta bota leloa, bai eta industria mailako jokaera hondakinekin. Ahaztu gabe zein garestia den hiriguneetako metro karratua. Hilak edo biziak, batzuk zein besteak, denak dira baliatzekoak, esplotatzekoak eta desjabetzekoak. Egia da garai batean, Eliza Katolikoa ez zela errausketaren aldekoa. Elementu paganotzat dauka-eta sua. Sutan egoten da ere katolikoen infernua. Gainera, gogotik erabilia zuen suaren alderdi erasokorra herejeak erretzeko. Katolikoak ere erre behar? Azkenean amore eman zuen. Elizak ezinbestez irentsi dituen beste dogma batzuen aldean, —Lurra ez dagoela unibertsoaren erdigunean, adibidez— peccata minuta izango zen Historiaren aro honetan gorpuzkinen  errausteari onespena ematea.

Hala, bada, nahiko berria dugu hilobiratzetik errausketarako egindako urratsa, edo errausketarako itzulera, Pirinioetako cromlechen garai urrunetan ere errausten baitziren gorpuak. Euskal Herrian, XX. mendeko 70eko hamarkadaren hasieran lotu zitzaion errausteari. Sarri, borrokalari antifaxistek eta abertzaleek hautatzen zuten, ez errorik ez zutelako; aitzitik, hein batean, Eliza Katolikoarekin hausteko eta beronen tradizioekin bat ez zetozela adierazteko, ezta herioaren arlo gatz eta barru-barrukoan ere. Edo egoeraren gogortasunagatik izango zen? Trantsizio politikoaren urte gordinak ziren haiek. Etxea, herria, arrotzen mende zeudenez, hil eta gero norberaren errautsak etxekoen esku uztea, itsasoan edo mendian barreiatu zitzaten, askatasuna lortzea bezala zen. Horrek ematen dio bidea Josu Martinez zinemagilearen dokumental baten izenburuari: Itsasoaren alaba. Neskatxo protagonista ziur da aita (GALek hila) itsaso barruan dagoela. Eta itsasoari begira egoten da, aita noiz ikusiko, beste haur batzuek etxeko hilak begiez zeruan bilatzen dituzten legez. (12)

           Aldaketak aldaketa, hilen gorputzez kezka izaten jarraitzen dugu: hauts bilakatuak edota errautsiak, egon daitezela behar den tokian. Ardura horri buruz mintzo da, ironiaz, Oleg Senzow zinemagilea eta idazlea, egun Siberiako espetxe batean bidegabeki daukatena, Errusiak Ukrainaren aurka darabilen politikari kritika egiteatik.

           Errauts nazaten nahi dut, eta itsasoan zabaltzea nire errautsak. Gogoan izan, bestalde, kutxa ere itsasora bota behar dela; bestela, fetitxe bihurtzen da. “Zer dago ontzi horretan?”, galdetuko lukete handik urtebetera gonbidatuek, etxera sartzean. “Aitona dago”, erantzungo lukete ondorengoek, seriotasunez. Ados. Bada, horretaraz  gero, nire galtzerdiak edo galtzontziloak ere eskegi ditzakezue etxe osoan… Bai, itsasora bota behar da errauts-kutxa, inongo aztarnarik gera ez dadin. Ezertxo ere gera ez dadin. Oroitzapenak izan ezik. Eta norberak egin dituen gauzak. Eta poza… (13)

VII

           Gure aitona ito eta itsasoan galdu zenean, amak bere arrazoiak izango zituen. Bai bihotzaren aldetik —hala esan zuen Pascalek bere Pentsamenduak liburuan: Bihotzak, arrazoimenak ezagutzen ez dituen zenbait arrazoi ditu—, bai bere irudimen askearen aldetik. (14) Eta aitona beilatu nahiko zukeen, gauzak behar diren bezala eginda. Ni, berriz, jakin gabe, gizartearen bilakaera orokorrari aurrea hartzen ari nintzen nire ikuspegiaz. Handik gutxira ohartu nintzen uste baino hunkiberagoa-edo nintzela. Liburu bat irten zitzaidan bidera, eta hari esker ikasi nuen Irango hiri zahar-zahar batean, Yazden, Zoroastroren jarrai­tzaileak bizi zirela. Hauek, lehenengoz, saien mende utzi ohi dituzte beren hildakoak, eta ondoren, hezurrak hezurtegira eramaten dituzte. Haurra izaki, nire ulermenak ez zuen erraz irentsi liburuan azaltzen zen eszena, non, hiletak eta gero, hegaztiek hilotzak jaten aritzen ziren Isiltasunaren Dorreak deiturikoen gainean. Irudia oroimenean geratu zait, aitonak urpean jasan zuen patuarekin bat eginda. (15)

____________________________________________

(1) Matsubara, Hisako: Samurai (1978). Tusquets argitaletxea. Bartzelona, 1987. 9.or. eta hurrengoak.

(2) Freud, Sigmund: El malestar en la Cultura (1930). Alianza Argitaletxea. Madril, 1980. 8. or. eta hurrengoak.

(3) Calvino, Italo: Six Memos for the Next Millennium (1985) (Italieraz: Lezioni americane: Sei proposte per il prossimo millennio). Seis propuestas para el próximo milenio. Siruela Argitalpenak. Madril, 1989. 45. or. eta hurrengoak.

(4) Debussy, Claude: La mer, trois esquisses symphoniques pour orchestre (1905). André Messageri idatzitako gutunak. Vallas, Leonen lan honetan aipatua: Claude Debussy et son temps (1933). Albin Michel argitaletxea. Paris, 1958.

(5) Galeano, Eduardo: El libro de los abrazos. Siglo XXI de España Editoreak. Madril, 1989. 3. or.

(6) DamNation (2014). Dokumentala, Ben Knightek eta Travis Rummelek zuzendua. Ekoizlea: Matt Stoecker.

(7) Sender, Ramón J.: Imán (1930). Destino Argitalpenak. Bartzelona, 1976. 300. or.

(8) Arendt, Hannah: The Human Condition (1958) University of Chicago Press. La condición humana. Paidós Ibérica. Bartzelona, 2003.

(9) Stiva da Morts: 1996ko egitasmoa, 2002an gauzatua. Ikusi, halaber, Caminada, Gion: Stiva da Morts. Vom Nutzen der Architektur. Gta argitaletxea. Zürich, 2005.

(10) Waugh, Evelyn: The Loved One (1948). Los seres queridos. Argos Vergara Argitaletxea. Bartzelona, 1983.

(11) Huxley, Aldous: Brave New World (1932). Un mundo feliz. Plaza & Janés. Bartzelona, 1969. 71. or.

(12) Itsasoaren alaba dokumentala (2009), Josu Martinezek zuzendua.

(13) Senzow, Oleg: Leben (Bizitza) (2015). Voland & Quist Argitaletxea. Berlin, 2019. 72. or.

(14) Pascal, Blaise: Pensées (1670) (Gogoetak). Pensamientos. Alianza Argitaletxea. Madril, 1981. Le coeur a ses raisons que la raison ne connaît point. 423. zenbakia, Lafumaren arabera.

(15) D’Harcourt, François: Asia. Despertar de un mundo (1962). Ediciones Cid. Madril, 1963. 77. or. eta hurrengoak.