Cabeza de Hacha (Aizkora-burua) elkartruke artistikoa ARMARen (Bilbo, Espainia, 2013) eta Bill Clarkeren (Toronto, Kanada, 1968) arteko lankidetzaren emaitza da. Batak eta besteak komisario-lana egin eta proiektuaren programazioa lotzen dute.

ARMAR Arte Garaikidea Sortu eta Ikertzeko Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren elkarteen erregistroan eta Euskal Herriko Unibertsitatearen erregistroetan izena emana du, eta artea sortu, ikertu eta sustatzea du helburu. Era berean, kolektibotik abiatuta arte-jarduna arakatzeko eta bazkideen ikerketa-ildo pertsonalak aberasteko espazio eta dinamikak sortzea ere bilatzen du.

Bill Clarke Torontoko idazle eta arte-kritikaria da. Hainbat arte-aldizkaritan idazten du, besteak beste ARTnews (New York), Canadian Art (Toronto), Modern Painters (New York) eta Art Review (Londres) aldizkarietan , eta gaur egun  Magenta Magazine aldizkariko editorea da.

"cabeza de hacha" (aizkora-burua) elkartruke artistikoa

Cabeza de hacha (aizkora-burua) elkartruke artistikoa euskal eta kanadar artisten eta erakundeen arteko erakusketa- eta truke-programa bat da, Euskal Herriaren eta Kanadaren artean arteari eta kulturari lotutako komunikazioa sustatzeko asmoa duena.

Elkartruke artistikoa hamabi arte-erakunderen bidez burutzen da eta Euskal Herriko eta Kanadako seina artistak hartzen dute parte.  Bi hilabetean behin, euskal artelan batek eta kanadar batek ozeanoa zeharkatu eta bi herrialdeotako nazioarteko erakusketetan hartzen dute parte. Bi hileko erakusketa-aldi horren buruan, artelanak herrialde gonbidatuko artistarentzako opari bihurtzen dira.

Nahiz eta artistek euren lana non erakutsiko den aurretiaz jakin, ez dute jakingo, ordea, zer artista bisitarirekin egingo duten trukea; horrenbestez, bi alderdien arteko elkartruke itsua da eta, aldi berean, Cabeza de hacha (aizkora-burua) arte-proiektua inspiratzen duen bidaiaren ziurgabetasuna islatzen du.

Proiektuak Europako eta Iparramerikako kulturaren arteko elkartruke zaharra ekartzen du gogora, duela gutxi Torontotik (Ontario) hurbil, antzinako Huron-Wendat herria bizi zen eremuan egindako indusketetan aurkitu duten burdina forjatuko aizkora-buruan oinarrituta. Ikertzaileek zehaztu dutenez, aizkora-buru hori Euskal Herrian egin zuten duela bostehun urte, europarrek laku handien eskualdera lehen bisita ofiziala egin baino ehun bat urte lehenago. Uste denez, pieza hori Amerikako bertako herritarrek San Lorenzo ibaian barna eraman zuten barnealdera, Ternua eta Labradorren zegoen euskal bale-ustiategi batetik abiatuta. Hain zuzen, berrikitan UNESCOren mundu ondarearen zerrendan sartu dute toki hori. Inoiz Iparramerikan aurkitu duten Europako tresnarik zaharrena den aizkora-buru horrek irauli egin du historia-liburuen edukia. Cabeza de hacha (aizkora-burua) elkartruke artistikoak merkataritza-ibilbide historiko hori eguneratzea eta Atlantikoak banatzen dituen bi nazioon arteko elkartruke-kulturan aurrera egitea proposatzen du.