Iskandar Rementeriaren proiektuaren irudia

Bilbo,1979. Musikaria, Filosofian lizentziatua eta Arte Ederretan doktorea. Bere ikerketa-lanak artearen berariazkotasunaren transmisioa bultzatzen duten metodologiak sortzeko interesa erakusten du. Helburu horiei buruz idazten du hainbat komunikabidetan, ikus-entzunezko proiektuak egiten ditu eta irakasle-zereginak betetzen ditu. Gainera, zeregin horiek musika konposizioarekin eta interpretazioarekin uztartzen ditu.

proiektu-kontzeptu garaikide baterako zalantzak eta birdefinizioak: euskal eskultura berria

Izenburua zehazteke

Bilbo, 2016ko apirilaren 6a

Ezin da oraindik amaitu gabe dagoen lan baten sinopsirik egin, baina zerbait esan daiteke hari buruz. Ikus-entzunezko formatuko ikerketa-proiektu bat da, eta 1980ko hamarkadaren amaieran Bilboko Alondegia kultur zentro izateko Jorge Oteiza eskultoreak eta Juan Daniel Fullaondo eta Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoek diseinatutako eta huts egindako proiektua amaitzen ari zenean (ikus-entzunezko eta testu formatuetan) sortu zitzaion ikertzaileari horren gaineko interesa.

Lanaren hasieran, zenbait artistarengan –Txomin Badiola, Angel Bados, Maria Luisa Fernandez, Pello Irazu eta Juan Luis Moraza– jarri zuen arreta. Garai horretan, horiek Bilboko Muelle de Uribitarteren estudioan elkartu ziren, eta Oteizaren obraren eta pentsaeraren zenbait alderdi hartu zituzten kontuan, proiektu modernoa postmodernitatean birdefinitzeko; beren jarrera eta jardunbide artistikoak Euskal Eskola zeritzon epigonoetatik bereizten zituen. Hala ere, Euskaditik kanpoko instantziek artista horiek eta beste artista garaikide batzuk “euskal eskultura berria” etiketaren barruan sailkatu zituzten. Sailkapen hori erkidegoen Estatu finkatu berrian eman zitzaion, eta polemiko samarra izan zen.

Proiektua amaitzeko aurreikuspen eta berme gisa, adierazpen-baldintzak izeneko lan-metodologia bat sortu zen hasieran. Lan egiteko modu hartan, ikertzaileak, aipatutako artista bakoitzarekin zenbait topaketa eta elkarrizketa izan ondoren, transmisio-jarduera izango zuen; artisten iritziez gain, haiek beren burua adierazteko moduak ere transmititzeko asmoz. Beraz, artista haietako bakoitzaren adierazpen-jakintza ikerketan txertatu nahi zuen ikertzaileak, ikus-entzunezko espazio eta denbora autonomo eta estanko batean formalizatzeko.

Topaketekin eta elkarrizketekin hiru urte eman ostean, eta metodologiaren hasierako idealismoa agerian jarrita, hura proiektua gauzatzeko aukera gisa geratu da. Hala ere, ikertzaileak presentzia handiagoa izan behar du, eta agian, zenbait alderdi, hala nola unitatea eta zentzua, bertan behera geratuko dira. Edonola ere, lan horrek aurreko ikerketa-lerro batekin lotutako asmoak bideratzen ditu: alde batetik, artearen jakintza espezifikoaren transmisioarekin lotutakoa; eta beste batetik, ikertzailearen eta ikerketaren beraren arteko erlazioaren izaerari dagokiona. Azkenik, esan dezakegu bere aukera-baldintzei beraiei buruzko proiektua dela. Ezin dugu jakin testu honek zer oihartzun izango duen etorkizunean.