2006az geroztik dihardu Bilboko consonni ekoiztetxeak arte garaikidearen eta argitalpen espezializatuen alorretan. Hogei urteko eskarmentu horretaz baliaturik, kritika egiteko eta eremu publikoa sortzeko egungo modu desberdinak erregistratzea proposatzen du consonnik, feminismoak bide-orritzat hartuta eta zenbait formatu kolektiboren bidez (proiektu artistikoak, entsegu-liburuak, podcastak…). ENPAP (European Network for Public Art Producers) sarearen bazkide sortzaileetako bat da, eta Sarean tokiko sareko partaide.

txoria eta ornitologoa aldi berean

Cabello/Carceller artistek Montehermoso Kultur Etxean (Vitoria-Gasteizen) emandako hitzaldi batetik hartu dugu izenburua. Esaldi hori euren jardunbideaz mintzatzeko erabili zuten, Ann-Sofi Sidén artista suediarraren baieztapen baten moldaketa kritikoa eginez. Teoriaren aurrean txori bat ornitologiaren aurrean bezala sentitzen zela esan zuen Ann-Sofi Sidének,  Barnett Newman artistak 50eko hamarkadan asmatutako esaldi ezagunetik abiatuz: "Ornitologia zer den txorientzat, estetika horixe bera da artistentzat". Cabello/Carceller artisten iritziarekin bat gatoz, arte-praktika garaikideetan ikerketaren eta praxiaren arteko muga lausoa dela uste dugulako. Gainera, izenburua bera ideia egoki, partekatu eta (berr)ekoiztuak sortzeko katea iruditzen zaigu.

Tituluak agerian uzten duenez, lana consonniren jardunbidearen emaitza da, bere burua arte-ekoizletzat aurkezten baitu. Helburua ez da zientziaren ikuspegiaren araberako ikerketa zorrotza egitea, jardunbideari berari erreparatzea baizik, consonnik hainbat testuingurutan egindako lanaren une anitzak (hitzaldiak, studio visits,egoitzetako egonaldiak...) islatuz. consonnik bi azterketa-premisa jorratu ditu bere lan-ildoen bidez: "ekoizpen-kontzeptuak arte garaikidean izandako bilakaera" eta "arte-praktikak egungo ekoizpen-baldintza anitzetan mamitzeko moduak".

Ikerketa- eta ekoizpen-prozesuen artean bat-egiteak eta berrelikadurak sortzen dira.

 

arte garaikidearen ekoizpena

Ekoizpen-kontzeptuaren esanahi orokorra honako hau da: objektu jakin batzuen bidez beste batzuk sortzeko eraldaketa-prozesua, (gizakien) beharrak asetzea helburu duena. Gizarte guztiek beren ekoizpen-tresnak izan dituzte, eta tresna horien araberako funtzionamendu motak. Baina ekonomia modernoan, industria-iraultzaren ostean, ekoizpen-terminoa puri-purian jarri zen. Agian horregatik hartu du ekoizpen-kontzeptuak hain garrantzi handia artearen munduan, azken hamarkadetan. Edo, beharbada, merkatuari lotutako terminoa izango da, gaur egun kultura baliabidetzat hartzen baita, eskubidetzat baino gehiago.

Consonnirentzat, formalizazio estetikoa ez ezik, ekoizpen-moduak eta -baldintzak (kontratuak, artisten eta beste lanbide batzuen ordainsariak, sustapen eta hedapen egokituak, finantzaketa-iturrien dibertsifikazioa, testuinguruan jartzea etab.) arte-sormenaren alderdi garrantzitsuak dira. Consonni sortu zutenean, laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, ekoizpen-terminoa ez zen ia batere erabiltzen; orain, arte garaikidearen testuinguruan barra-barra hitz egiten eta argitaratzen da termino horren inguruan, garrantzia emateko edo kentzeko. Hala ere, oraindik ez dago argi denak gauza berberaz ari ote diren.

Nola pentsatzen da ekoizpena? Nola planteatzen dira prozesuak... dokumentazio edo lan gisa? Nolakoa da ekoizpenaren eta erakusketaren arteko bizikidetza? Zein dira ekoizpen (ez-materialen) etapak? Jarrera politikoak ekoizpen-ideiari atxikita egon behar luke? Hitz egin daiteke ekoizpenaz, moduen eta baldintzen inguruko kontzientziarik piztu gabe? Eta testuingurua kontuan hartu gabe? Ekoizpen-terminoa erabiltzeak kultura baliabidetzat hartzen laguntzen du? Ez-ekoizpena ekoizpenaren benetako alternatiba? Ekoizpenak talde-lana dakar berekin, nahitaez? Zertan da ekoizpenaren eta eremu publikoaren arteko lehia? Artista ekoizlea? Komisario ekoizlea? Nor da egilea eta nor ikuslea ekoizpen-katean?

 

lan metodologia eta ildoak

elkarrizketak  Elkarrizketak artearen munduko profesionalei (artistei, ekoizleei, kontserbatzaileei, kritikariei...) egingo zaizkie gehienbat, baina politikaren, aktibismoaren eta ekonomiaren munduko pertsonei ere bai. Ikerketaren ardatza arte garaikidea den arren, ekoizpen-hitzaren jatorria eta terminoa ekoizpen-sistema zabalago batean kokatzeko beharra ezin ditugu ahaztu, bereziki gaur egun eta Europan, krisi betean gaudela. 

Elkarrizketak bideoan eta audioan ari dira grabatzen, dokumentu-artxiboa sortzeko, funtsezkoa baita azterketarentzat. Material horrekin lan egiteko moduak proiektuan parte hartzen ari diren ikertzaile, artista eta erakundeekin ari dira finkatzen. Elkarrizketa batzuk bideo-plataformetan, adibidez Vimeon, eta proiektuari buruzko webgunean ezarriko dituzte ikusgai. Materiala aurkezteko beste modu batzuk ere adosten ari dira, urratsez urrats.

Oraingoz, Consonniren lan-une zehatzez baliatuta, Bartzelonan, Stockholmen eta New York Cityn egin dizkiete elkarrizketak hauei guztiei: María Ruido, Bartomeu Marí (MACBA), Carles Guerra (MACBA), Tere Badia (Hangar), John Akomfrah, Alessio Antoniolli (Gasworks), Daniel G. Andújar, Lisa Rosenthal (IASPIS), Michelle Masucci, Dana Yahalomi (Public Movement), Maria Lind (Tensta Konsthall), Magdalena Malm (MAP), Magnus Bartas, Annika Erickson, A.K Burns (W.A.G.E), Esa Nickle (Performa), Danna Vadja, Isla Leaver Yapp...

aztertuko diren kasuak  Arte garaikidearen arloa soilik edo nagusiki jorratzen duten erakundeak, ekoizpen-kontzeptuari buruzko jarrera desberdina dutenak. Erakunde horietako batzuk eremu publiko zein pribatuko artistak edo bestelako profesionalak sortu dituzte, talde txikiekin nahiz handiekin... ekoizpen-kontzeptuari heltzeko modu anitzekin (ezagutzen, ideien, lanen, produktuen, obren... bidez). Proiektua finantzatzeko programei (eremuak eta The European Cultural Foundation) ere nolabaiteko sarbidea emango zaie ikerketan.

Hainbat eratako metodologia egokituak erabiliko dira azterketa gauzatzeko. 2012ko maiatzean eta ekainean zehar IASPISen (Stockholm) egoitza erabiltzeko akordioak adostu ditugu. Era berean, 2012ko azaroan HANGAR zentroan (Bartzelona) eta 2013n MATADEROn (Madrilen) izango gara, haien lan egiteko modua bertatik bertara aztertzeko. Hiru egoitzetan, bide batez, beste lan-eremu batzuk ezagutu eta aztergai bihurtuko ditugu. Horrela, erakundeetako langileei elkarrizketak egin eta galdesorta emango diegu, toki bakoitzean ekoizpen-kontzeptuak zer xehetasun dituen arakatzeko.

eztabaida-une publikoak eta meta-ekoizpeneko proiektuak  Arte garaikidearen ekoizpena artearen praxiaren arabera aztertzea garrantzitsua da, baita zenbait artistaren eta artearen arloko bestelako profesionalen ikuspegiak eta interpretazioak gaineratzea ere. Consonni hainbat herrialdetako erakundeekin ari da lanean, tokian tokiko ekoizpenaren baldintza bereizgarriak aztertu ahal izateko. Hangar eta Matadero zentroetako kideekin hitz egiten ari dira,  formatu anitzak uztartuko dituen egitarau publikoa antolatzeko: hitzaldiak, mahai-inguruak, irakurketa-taldeak, tailerrak, ekoizpen-proiektu berriak...).

Cmobile: ekoizpen-bulego mugikorra  Egitarau publiko bakoitzarekin batera, ekoizpen-bulego mugikorra antolatuko dute, elkarrizketak egiteko eta ikerketaren nondik norakoen jarraipena gauzatzeko. Proiektua bera eta egitarau publiko bakoitzaren ekoizpen-baldintza bereizgarriak ezagutzeko gunea izango da. Ikertzaileak, artistak eta bestelako profesional gonbidatuak bertaratuko dira, proiektuko materialak (elkarrizketak, galdesortak, testuak,...) aztertzera. Irakurketa-koadernoak eta ekoizpenari buruzko testuak, batzuk jadanik kaleratuak eta beste batzuk berriak, argitaratzea da helburua. Koadernoak consonnik argitaratu eta zenbait egitarau publikotan zehar aurkeztuko ditu: besteak beste, Walter Benjaminen testua, horren inguruan kaleratutako zenbait interpretazio eta proiektuan parte hartzen ari den jendeak idatzitako testu berriak. Prozesuan zehar proiektuaren weba sortu eta aipatutako testuak eta elkarrizketa batzuk bertan eskainiko dira.