Mapa kolektiboak  zine arraroaren hiru jardunaldi antolatu ditu Artelekun (2010, 2011 eta 2013); S8 A Coruñako zinema periferikoaren lehen erakustaldian parte hartu du (2010); Aguilar del Campoo-ko nazioarteko film laburren festibalerako filmen hautaketan aritu da eta Donostiako Zinemaldiarekin hainbat proiektu garatu dituzte.
Mapa Izibene Oñederra, Tamara García eta Víctor Iriarte dira.

 

erlazioak

Zinema esperimentalari buruzko topaketa eta tailerra, MAPArekin.

zine mapa #03

Topaketak
2013ko urtarrilaren 28 tik otsailaren 1 era
Arteleku Donostia - San Sebastián

Zine arraroaren hirugarren edizioa, dagoeneko ez hain arraroa, baina beti bezain muturrekoa edota inoiz baino gehiago, hirugarrengoan lortuko dugu. Aurten Zine Mapa 3 izena jarri diogu, funtsean bilatzen jarraitzea da gure helburua, kartografiatzen, segundoko 25 pixeletan mugitzen, gaur egungo ikus-entzunezkoetan zer gertatzen ari den jakin nahi dugu, ekaitza eta marrazoak izanagatik ur gainean irauten dugu. Inoiz izatekotan aurtengoan altxorraren irla da Zine Mapa. Eskema berdina jarraituko dugu: bost egun, bost gonbidatu eta amaiera musikatua. Egunero, gonbidatua eta Mapako lan taldea jardunaldia zuzentzeaz arduratuko gara.

Ondorengo proposamena egin dugu 2013rako:

Virginia García del Pino - Urtarrilak 28, astelehena -ZARATA, PIXELA, ERRAIAK, PELIKULA
10:00-13:00 Virginia García del Pino I
13:30 Sarrera bazkaria/ Comida intro
16:00-17:30 TÊTE-TÊTE
18:00-20:00 Virginia García del Pino II

Astelehenean Mapak parte hartzeileak ongietorria emanez, paella batetara gonbidatzen ditu.

Iruñako Punto de Vista zinemaldian ezagutu genuen Virginia duela urte batzuk. Bere filmei buruz esan genezake pelikula etxetiarrak eta egunerokotasunari buruzkoak direla. Gertuen dagoenari arreta bereziaz, maitasunez, minez eta bizitzaz, bizitza hutsaz botatako begiradak eta egindako erretratuak. 
Mapa 3n bere azken filma aurkeztuko du, El Jurado, Mexikoko Cineteca Nazionalean estreinatua 2012an eta beste zinemaldien artean Marseillako  Nazioarteko Zinemaldian lehiaketara aurkeztua. Sinopsia dakarkigu, Artelekun gerta daitekeenaren hitzaurre moduan: “Egia pixel multzo bat besterik ez da, zoom digital bat aurpegi lauso batzuen gainean. Hilketa baten epaiketan epaimahaikide batzuk filmatzen dituen kamara, frogen, lekukotasunen eta irudien labirintoan noraezean dabil, bere deskonposaketa ez den beste ezer filmatu ezinda”.

PIZTIAREN BIHOTZERAINO BIDAIA - Urtarrilak 29, asteartea -Víctor Moreno,
10:00-13:00 Víctor Moreno I
16:00-17:30 TÊTE-TÊTE
18:00-20:00 Víctor Moreno II

Batzuetan ez da besterik behar...eta kasuko esaldiak horrela jarraituko luke: denbora, denbora, denbora besterik ez. Eta kamara bat.

Víctor Morenoren izena ezagun egiten hasi zitzaigun 2009an El Extraño lana jendaurrean aurkeztu zuenean, lan eraginkor bezain misteriotsua. Irudi haiek aldi berean ziren primitiboak eta etorkizunekoak. Arretaz begiratzeak munstroak sortarazten dituela esatea geldituko litzaiguke. Inguruan duguna disekzionatzen jarraitzen du Víctor Morenok. Azkeneko bi urtetan Madrileko Gran Vian dagoen eraikinaren suntsiketa barrutik filmatzen/ behatzen jardun du eta emaitza Edificio España da. 2012ko DocumentaMadriden estreinatu eta gero mundu guztiko zinemaldietan aurkeztu den luzemetraia: Bafici Buenos Aires, Doc Lisboa, Donostiako Zinemaldia… Arkitektura eraikitzea bada, hau film forma duen antiarkitektura da. Eta gaur eguneko denboren erretratu zehatza. Langileen atzean makinak daude. Makinen atzean porlana. Porlanaren atzean amildegia. Amildegiaren atzean ilunpea, Madrilen, Espainian, Europa hegoaldean, munduan, gaur. Eta Víctor Morenoren kamerak urrutiago filmatzen jarraitzen du. Zera galdetzen ariko balitzaigu bezala: Eta iluntasunaren atzean, zer, zein, zergatik?

HAU ZINEMALDI BAT DA - Urtarrilak 30, asteazkena - Aida Vallejo
10:00-13:00 Aida Vallejo I
16:00-17:30 TÊTE-TÊTE
18:00-20:00 Aida Vallejo II

Artelekun egingo duen aurkezpenak Ekialdeko Europa izango du ardatz: ezezagunak diren izenekin eratutako emanaldia, aurkikuntza diren pitxiak eta geografia kitzikagarria, Txekiar Errepublika, Kroazia, Grezia, Turkia, Kosovo, Hungaria...Horretaz gain Aidak zinemaldietako zirrikituak maite zituela esan zigun: nola funtzionatzen duten eta zergatik diren, diren modukoak. Zinemaldien profil ezberdinak, beraien eraikuntza posible egiten duten agenteak, nazioarteko sarean azken urteotan gertatu diren aldaketak.
Aidak Artelekuko parte hartzaileak rol desberdinen jokoan jarriko dituen saioa proposatzen du: epaimahaia, kritika, prentsa, zinemagilea, jendartea...Horrela funtzionatzen du zinemaldi batek. 

BESTALDEKO ALDEA - Urtarrilak 31, osteguna - Cecilia Barrionuevo
10:00-13:00 Cecilia Barrionuevo I
16:00-17:30 TÊTE-TÊTE
18:00-20:00 Cecilia Barrionuevo II

Cecilia Barrionuevoren saioa Donostiako Trueba zinemetan amaituko da. Zine Mapak izena emana duten parte hartzaileak Eias Leon Siminianiren Mapa pelikularen estreinaldira gonbidatzen ditu, dokumental onenaren Goya sarietan hautagaia. Pelikula Donostiako Trueba  zinemetan estreinatuko da urtarrilaren 31, ostegunean,  Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek aurkeztuko du topaketa eta egilea bertan izango da.

Cecilia Barrionuevok Leon Siminiariren Mapa, Mar de Plata nazioarteko zinemaldian "España Alterada" zikloaren barruan aurkeztu zuen.

“Estados alterados” deitzen da, Cecilia Barrionuevok lan egiten duen Argentinako zinemaldian koordinatzen duen saila. Asaldatzeak zerbaiten esentzia edo forma aldatzean datza. Asaldatzea bat bere onetik ateratzea, aztoratzea, urduritzea da. Zinema asaldatua muturreko zinema da behin eta berriz bere esentziaz galdezka ari dena. Beste zerbaitetan bihurtzeko puntuan dagoen  zinema. Zine taupakaria. Balaztarik gabeko zinema. Orduko mila miloi pixeletara doana. Zine dardartia. Zine bizi-bizia.

Zinemaldiko 2012. edizioan, Ceciliak “España Alterada” izeneko programa koordinatu zuen. Orain buelta emateko eskatzen diogu: Nolakoa litzateke Argentina asaldatua izeneko zine programa? Ezarritako arauetatik kanpo, zein pelikula ari dira Argentinako areto eta underground proiekzioak asaldatzen?
Cecilia Barrionuevo lurpeko zubiak hedatzen.

 

PASIERA - Otsailak 01, ostirala - Javier Rebollo, Rafa Berrio
10:00-13:00 Javier Rebollo I
16:00-17:30 TÊTE-TÊTE
18:00-20:00 Javier Rebollo  II 
20:00-21:15 Javier Rebollo + Rafa Berrio

Cine Mapa 3n bere jatorrietarainoko joaneko bidaia proposatzen dugu eta itzulerako bidaia bere etorkizunera: Hasieran film labur guztiak programatuko ditugu eta gero azken filmeko materialei, bidaiei eta memoriei buruz mintzatuko gara, El muerto y ser feliz, 2012ko zinemaldietan estreinatua eta 2013an erakutsiko dena areto komertzialetan. Bidaia bikoitza horregatik, memoriatik orainaldira eta orainalditik biharkora: proiektu berriak, pelikula berriak,  herrialde berriak, errepide berriak, filmatzen jarraitzeko plan berriak, Rebollo dagoeneko datorren proiektuko oharrekin dabil eta Artelekuko saioan horretaz zerbait kontatu ahalko digu.

Eta azkeneko saioan gertatu ohi den bezala, zinea eta musika elkartzen ditugu astea ixteko.

Saio berezia: Javier Rebolloren azken filma El muerto y ser feliz. Kasu honetan bertsio berezia aurkeztuko dugu, Rafa Berrio musikariak zuzenean musikatua eta deklamatua.  Saioa amaitzean Rafa Berriok bere musikarekin jarraituko du, argitaratzeko ia prest duen disko berriko kantuak aurkezten,